Santa Zeziliari omenaldia egin dio aurten ere Zero Settek

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 22a, 09:37

Santa Zezilia musikarien patroia da eta azaroaren 22an ospatzen du bere eguna. Bezperan, Zero Settek akordeoi orkestrak antolatuta, Adelaida bikoteak eta Ad líbitum hirukoak emanaldia egin zuten kultur etxean.

Ezin zuen bestela izan, akordeoia izan da larunbat iluntzean Zero Settek antolatutako emanaldiaren protagonista. XVII. Akordeoi jaialdiaren Ad Libitum eta Adelaida taldeek instrumentu horrekin egin daitekeen askotariko musikaren lagin bat ekarri dute Manuel Lekuona kultur etxera. Ordu eta erdi luzatu den saioan, klasikotik gaur eguneko musikara bidaia egin dute entzuleek. 

Eneko Sota Zabaleka akordeoilari gazteak, Carlos Rosat-en zeharkako flauta eta Tomas Ruti-ren fagota izan ditu lagun. Ad Libitum hirukoteak Jean Baptiste Brevalen klasizismo frantsesetik Georg Friedrich Händelen musika barrokora bidea egin du emanaldiaren lehen erdian. Ondoren, Adelaida bikote alemaniarrak hartu du lekukoa agertokiko argipean. Rebekka Riedel biolontxelistak eta Mateja Zenzerovic akordeoilariak egitarau zabala eskaini dute, barrokotik hasi, kanta herrikoietatik pasa eta pieza garaikideetara helduta. 

Ainhoa Aiertza aurkezlearen eskertza hitzen ondoren, bost musikariek elkarrekin jo dute Astor Piazzolaren pieza bat. Horretarako, Sota Zabaletak akordeoia bandoneonagatik aldatu du. Amaitzean, oroigarri bana eman bi taldeei. Eurek hartu behar izan dute mahaitik, bertaratutakoen txalo artean; eta talde argazkia egin dute egilearekin nahiz Agustín Valdivía alkatearekin. 

Erlazionatuak

17. Akordeoi jaialdia egin dute kultur etxean

Txintxarri Aldizkaria 2020 aza 22 Kultura