Aurtengo luma onenek euren saria jaso dute

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 21a, 14:19

Kultur etxean egin dute eguerdian sari banaketa ekitaldia. Irabazle gehienak izan dira bertan eta haiekin batera senide gutxi batzuk. 

Lasarte-Oriako Udalak antolatutako bi literatur lehiaketen sariek badituzte irabazleak. Eguerdian, kultur etxeko hitzaldi aretoan egindako ekitaldian norberak zegokiona jaso du. Xumea eta laburra izan da, egungo egoerara egokitua. Aintzatetsitakoez gain, ahaide gutxi batzuek izan dute bertaratzeko aukera, eta elkar ukitzea saihesteko, mahai batetik hartu du norberak zegokion saria. Ia denek egin dute aukitik mahaira bidea euren izena entzutean; falta izan diren bakarrak helduen lehiaketako gaztelaniazko bi irabazleak izan dira, Valentzian eta Tenerifen bizi direnez, ezin izan baitute etorri. 

Agustín Valdiviak Gabriel Arestiren hitz batzuk gogoratuz ekin dio ekitaldiari. Agurraren ondoren, Laura Cabedoren Los ojos de la vida eta Nikola Iraiolaren Txoriak poemak irakurri ditu Aitor Tejedorrek Unax Goenagak jotako piano doinuak lagunduta. Bi lanak sarituak izan dira aurtengo lehiaketetan. Jarraian, Kultura eta Hezkuntza batzordeburu Maite Iglesiasek hartu du hitza. Berak Gloria Fuertesen poema bat irakurri du, poesia besarkadekin alderatzen dituena, eta elkar besarkatzerik ez den garaiotan poemak idaztea proposatu du.

Zinegotziak azaldu duenez, aurten aurkeztutako lanen kopurua nabarmen murriztu egin da haurren kasuan, eta, aldiz, hazi, gazte eta helduenean. Haur kategorietan, orotara, 54 lan jaso dituzte, eta helduenean, 123 poema eta 302 mikrokontakizun. 

Aurtengo saridunen zerrenda honakoa da:

LASARTE-ORIAKO HAUR ETA GAZTEEN XXXIII. LITERATUR LEHIAKETA

  1. A KATEGORIA: 2011n edo ondoren jaiotakoak.  Zortzi  idazlan aurkeztu dira.
    • 1. saria: Lea Apaolaza, Kalaren magia idazlana. 
    • 2. saria: Ane Herrera, Martin azeria eta sugegorria idazlana.

  2. B KATEGORIA: 2008an, 2009an edota 2010ean jaiotakoak. 40 idazlan aurkeztu dira. 
    • 1. saria: Paula Martin, Kausa on batengatik idazlana
    • 2. saria: Leire Ormazabal, Umezurtz zoriontsua idazalana.
    • 3. saria: Gari Iraola, Ezinegonak jota idazalana. 

  3. C KATEGORIA: 5 idazlan aurkeztu dira. 
    • 1. saria: Nikola Iraola, Behean beti behean idazlana.
    • 2. saria: Añes Apaolaza, Izerdia eta lur hotza idazlana.
    • 3. saria: Goiatz Aiestaran, Itsasoari begira idazlana.
    • Poesia: Nikola Iraola, Txoriak poema.

LASARTE-ORIAKO XXXIV. LITERATUR LEHIAKETA 

  1. EUSKARAZ:
    • Poesia: Lierni Azkargorta lazkaotarra, Somnipoema.
    • Mikrokontakizuna: Mikel Gartziarena donostiarra, Ez atera logelatik, txiki.

  2. GAZTELANIAZ:
    • Poesia: Laura Cabedo, Los ojos de la vida.
    • Mikrokontakizuna: Marta Gimenez, Juguetes usados.

Haur eta Gazteen Literatur Lehiaketako epaile izan dira Joxan Beunza, Iñigo Aldabaldetreku eta Elena Miguel. Literatur Lehiaketan, berriz, Felipe Juaristi, Karlos Linazasoro eta Elixabete Tolaretxipik, euskarazko lan onenak hautatu dituzte; eta Marian Benítez, Mertxe Tranche eta Abert Vázquezek gauza bera egiteko ardura izan dute gazteleraz idatzitakoekin. 

Erlazionatuak

Literatur lehiaketen sari banaketa

Txintxarri Aldizkaria 2020 aza 21 Kultura