COVID-19

Sei kutsatu berri erregistratu dituzte herrian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 20a, 13:55

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eguerdia jakinarazi ditu atzoko datuak. Horien arabera, Lasarte-Orian sei positibo atzeman zituzten, jada, urrian bezainbeste dira azaroko 19 egunetan bildutakoak. 

Azaroa amaitzeko dozena bat egun falta direla, atzo zenbatutako sei kasuak gehituta Lasarte-Orian hilabete honetan erregistratutako positibo kopurua urri osokoaren adinakoa da.

Beterri-Buruntza eskualdeari dagokionez, behera egin du kasu berrien kopuruak. 32 zenbatu zituzten, bezperan baino 17 gutxiago. Hernanin, hamahiru; Lasarte-Orian, sei; Andoainen eta Urnietan, bosna; Usurbilen, bi; eta Astigarragan, bakarra.

Asteazkenean, zenbait asteren ondoren, Usurbil gune laranjara igaro zen; atzo, berriz, Usurbilek bide bera jarraitu zuen. Bietan intzidentzia tasa –azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko batez besteko positibo kopurua– 500 azpitik dago: 484,65  Urnietan eta 427,35 Usurbilen. Gainerako udalerriak, berriz, oraindik gune aldaketatik urruti daue. 

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, ostegunean, 14.391 test diagnostiko egin zituzten (11.451 PCR eta 2.940 antigeno proba) eta 935 positibo izan ziren. Hortaz, positibo tasa %6,5 da. Lurraldeka banatuta, Gipuzkoan 407 kutsatu berri daude; Bizkaian, 412; Araban, 109; eta gainerako zazpi kasuak erkidegotik kanpo bizi diren pertsonak dira. Horrez gain, 62 lagun ospitaleratu zituzten atzo EAEn eta 135 gaixo daude ZIUetan.