Intxaurrondoaren intxaurretatik abiatuta, heriotza lantzeko lan berria

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 20a, 16:42
Iruñeko Katakrak aretoan aurkeztu dute, aste honetan, Amaren Intxaurrak proiektua. Argazkia: Katxiporreta

Aste honetan aurkeztu dute lasarteoriako sudur gorriek euren azken lana: Amaren Intxaurrak. Haur eta gaztetxoekin heriotzaren gaia lantzea da pailazoen azken lanaren helburu nagusia. Marimototsen ama Loretoren heriotzan landatutako intxaurrondotik abiatuta oholtzaratuko dute ikuskizun berria

Ostegunean aurkeztu dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Amaren Intxaurrak azken proiektua. Iruiñeko Katakrak aretoan egin dute lanaren aurkezpena eta Julio Soto bertsolaria eta Maite Mutuberria ilustratzailea izan dituzte ondoan. 

Ipuin-diskoa, ipuin animatua, ikuskizuna eta proposamen didaktikoaz osatuta dago Amaren Intxaurrak.Heriotza gaia ardatz hartu, eta horren inguruko lanketa egin nahi dute pailazoek haurrekin, gazteekin, familiekin eta baita hezkuntza komunitatearekin ere. Naturak heriotza ulertzen lagundu die hirukote lasarteoriatarrari, "bizitzaren parte" dela ulertaraziz: "Denak jaiotzen gara eta denak hiltzen gara; bizitzarekin batera doa heriotza eta natural den hori, modu naturalean sentitu, pentsatu eta barneratu behar genuke". Heriotzaren gaiak, ordea, gai-tabua izaten jarraitzen duela nabarmendu dute, eta gaiaren aurrean, pertsonen ahalduntzea ere badu helburu Amaren Intxaurrak proiektuak.

Hainbat sortzailerekin elkarlana

Julio Soto bertsolariarekin eta Maite Mutuberria ilustratzailearekin elkarlanean sortu dute proiketua. Sotok esaterako, ipuina idatzi du eta Mutuberriak ilustratu. Diskoan, berriz, aurrez argitaratutako hamabost abesti batu dituzte. Xabier Zabala musikariak sortuak dira abestiak eta zenbait sortzailek doinu horiei jarritako hitzez daude osatuak. 

Ipuin animatua ere badu Amaren Intxaurrak lanak eta, dagoeneko, ikusgai jarri dute ondorengo helbidean:

Ikuskizunaren estreinaldia

Datorren astean eskainiko dute proieketu berriaren lehen emanaldia. Azaroaren 28an izango da, Intxaurrondoko kultur etxean, eta hortik aurrera, Euskal Herriko areto ezberdinetan ere taularatuko dute.