Albistearen eskuinaldean grafikoki ikus ditzakezue nolakoa den lasarteoriatarren hizkuntzazko gaitasuna –2016. urtera arteko datuen arabera– eta euskararen kaleko erabileraren bilakaera nolakoa izan den –laranja kolorez, azpiko taulan–. Azken adierazle horri helduta, nabarmentzekoa da 1990. urtetik hona –2018ko datuak dira Euskara zerbitzuak jaso ahal izan dituen azkenak– elkarrizketa gehiagotan hitz egiten dutela euskaraz haurrek, gazteek eta helduek, portzentaje altuena %30era iristen ez bada ere. Adinekoen artean, ordea, kaleko erabilera jaitsi egin da denbora-tarte horretan.
Hizkuntzazko gaitasunari dagokionez, 2016ra arteko datuak eskuetan, herritarren ia erdiak dira euskaldunak, %45,4, 1981ean baino %21,5 gehiago. Erdaldun elebakarren portzentajea, dena den, handia da oraindik: %36,4.
Herria galera prozesu batean murgilduta egon da, bereziki, XIX. mendearen erdialdetik 1975. urtera arte. Azken hamarkadetako berreskurapeneko prozesuaren ondorioz, askoz hobea da gaur egun euskarak herrian duen osasun maila 1975ean baino, hiztun gehiago dituelako eta eremu gehiagotan erabiltzen delako baita ere. Dena den, euskara hizkuntza normalizatua izan dadin herrian, erabiltzeko eremuak eta hiztunak irabazten jarraitu behar du.