Igerilariak lehiara itzuli dira

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 20a, 13:30
Arg.: CDN Bidasoa XXI

Herriko igerilari federatuak zorioneko dira, hainbat lehiaketa izango dituzte asteburuan.  Castello, Cádiz eta Irunen izango dira herriko igerilariak

Buruntzaldea IKTko igerilariak edo Bidasoa XXI taldean dauden Martin ahizpek zortzi hilabete daramatzate lehiaketa batean parte hartu gabe.

Leire eta Ainhoa Martin ahizpek absolutu mailako Espainiako txapelketan parte hartzen ari dira, gaurtik igandera, Castellón. 

Ainhoak gaur goizean eman dio hasiera txapelketari 100 m. estilo probarekin. Bigarren seriean parte hartu du eta bosgarren postua lortu du, 1:03.06 marka eginez. Arratsaldean, berriz, 200 m. bular proban dominak lortzeko aukera du herritarrak.

Gaurko probez gain,  beste lau probatan izango da lehian eta 200 m. eta 400 m. estilo probetan ere lehen postuetan egotea espero du.

Leirek, berriz, lau probatan parte hartuko du: 50 m. eta 200 m. bizkar eta 200m. eta 400 m. estilo.

Kontrol lehiaketa

Buruntzaldea IKTko  kideak ordea, bi lehiaketa dituzte asteburuan. Batetik igerilari federatuek Kontrol Lehiaketa izango dute, Irungo Azken Portu kiroldegian. Larunbata eta igande arratsaldean bakarrik jokatuko da lehiaketa. Mikel Esnal, Unai G. Somovilla, Eneko Elizasu, Aintzane Sarobe, Nerea Santos, Nora Imaz, June Lopez, Garazi Etxeberria eta Izaro Audikana izango dira bertan. Buruntzaldea IKTko arduradunak azaldu duenez, “Covid-19aren egoera eta protokoloak burutu ahal izateko, serie kopurua mugatua da proba bakoitzean eta hori dela ez dira sartu zitezkeen guztiak sailkatu baina bai gehiengoa”.

Bestalde, Nahia Zudairek Andaluziako II. Txapelketan – Multidisability igeriketa Openean parte hartuko du Espainiako selekzioarekin.

Lehiaketa asteburuan ospatuko da, Cádiz-en. 50 m. eta 400 m. libre probetan parte hartuko du Zudairek. Igerilari gazteak Berlinetik hona egindako lanaren emaitzak ikusi ahalko dira txapelketan.