Zein panorama duzue euskara elkarteetan eta Topagunean?
Panorama zaila eta konplikatua da denontzat. Egia da oso egoera zaurgarrian utzi gaituela pandemiak, eta badagoela kezka bat eta ziurgabetasun bat, batez ere datorren urteari begira. Tokiko komunikabideetan ere, TOKIKOM-ek erakutsi duen gisan, handiak dira publizitatean eta abarretan eragin dituen kalteak. Aisialdi taldeetan ere nozitu ditugu, Plateruenaren itxiera ikusi dugu… Egoera berri honek lehendik zetozen zailtasunak areagotu ditu, baina zailtasun horiei aurre egiteko gogoa ere handitu du. Pandemiak trinkotu egin du mugimendua, eta horrek azken urteotako herrialde batzarrik jendetsuenak izatea ekarri du, edota ekonomi eta aisialdi batzorde bana martxan jartzea.
Egoera zail honi aurre egiteko gogoa ez ezik, gaitasuna ere nabarmenduko nuke. Hainbat egitasmo bertan behera utzi behar izan dira, baina beste batzuk berrasmatzeko edo egokitzeko ahalegin handia egin da. Eta aurretik ere, euskara elkarteak etengabeko hausnarketa eta egokitzapen prozesuan bizi ziren. Hain zuzen, izurritearen aurretik egindako hausnarketa estrategikoan dagoeneko ikusi zen euskara elkarteen mugimenduak egoera sozial politiko eta linguistikora egokitu behar duela, eta are gehiago trinkotu behar duela, funtzioak eta eskaintzak egokitzearekin batera.
Egokitzeaz ari zarenean, erdaldunez ere ari zara?
Euskara elkarteena euskaldun euskaltzaleen mugimendua izan da batez ere. Hor ere baditugu mintzalagunak eta abar. Gure hausnarketari erdaldunen faktorea erantsi diogu, bai. Hor indar berezia egin nahi dugu. Eskaera Nafarroatik etorri zen, baina gainerako herrialdeetan ere nabarmendu zen premia hori: gure helburu eta amets hau erdaldunei jakinarazi eta haiekin partekatu beharra dago.
"Gure amets hau erdaldunekin partekatu beharra dago"
Urteak joan dira euskara elkarteak sortu zirenetik. Gaur ez gaude orduko egoeran. Artean, administrazioek hainbat zeregin hartu dituzte beren gain eta euskara elkarteek ikusgarritasuna galdu dutela ematen du. Norantz ari dira eboluzionatzen?
Erakunde guztiek izaten dute bilakaera eta bizi zikloa. Euskara elkarteak egoera jakin batean sortu ziren –zorionez han nintzen–, ilusio handia zegoen, eta berrikuntza handia ekarri zuten. Orduko giro soziopolitikoan euskara eta euskal komunitatea erdigunean jarri zituzten, elkarte zabalak eta erabileran zentratuak proposatu zituzten, eta mugimendu sozial handia eragin zuten. Gero egonkortu egin ziren eta profesionaltasuna ere ekarri zuten neurri batean. Bilakaera guztietan bezala, horietarik batzuk alde batera gelditu dira, eta beste batzuk aldatu egin dira, baina badago eraberritu, egokitu eta berrindartu behar dugunaren kontzientzia. Azken boladan ere prozesu berri eta interesgarriak ari dira sortzen. Elgoibarren, esaterako, euskalgintza eta kulturgintza uztartzeko planteamendua ari dira aztertzen. Iparraldean, Euskaraldian oinarrituta eta testuinguru horretan, erabilera ardatz izango duen mugimendu bat artikulatzeko ahaleginean ari gara. Iruñerrian proiektu oso indartsua martxan jartzeko gogoz daude, eta Galtzaundi, berriz, Tolosako talde izatetik Tolosaldeko talde izatera pasa da, eta euskararen mahaia bultzatzen ari da.
Alegia, arnasberritu nahia ageri da. Euskaraldiak mugimendu berri bat sortu duela ikusten dugu. Topagunea 90 herri edo eskualde ingurura iristen da eta Euskaraldia 400 herritan baino gehiagotan egingo da. Gure indarra gainditu duen energia soziala da, beste erakunde eta eragile sozialei esker. Erronka da, nola artikulatu eta egonkortu. Hainbat tokitan hasi dira talde berriak sortzen, Euskaraldiko multzo horiek egonkortzeko, egituratzeko… Salto bat ematen denean, eta Euskaraldia hori bera da, aukera eta ilusio berriak sortzen direla adierazten digu horrek. Sortuko diren antolamenduak, diren modukoak direla, ez dira 90eko hamarkadakoak bezalakoak izango. Eta ordutik ditugunak egoera berrira egokitu beharko ditugu.
COVID-19 izurritearen ondorioz osasunak eta lanak lehentasun erabatekoa hartu duten honetan, zein da transmititu behar den mezua, euskara dela-eta?
Mezu bikoitza transmititzen saiatzen gara. Bata enpatiazkoa da. Egoera zail batean gaude, baina egoera zail horretan gizarte sektore asko daude. Horren jakitun gara eta praktika ere horretara egokitu behar dugu. Eta esango nuke, gainera, hainbat kasutan bat etorri garela sektore batzuekin. Adibidez, Euskaraldiaren barruan arigunearen planteamendua egin denean, herri askotan oso bat egin da merkataritza txikiarekin. Bat egin dugu egoera zail honetatik ateratzeko dauden behar eta aukera horiekin, eta euskara bultzatu beharrarekin lotu ditugu. Merkataritza txikiak ikusgarritasuna eta komunitatearekin bat egitea behar du, eta guk ere merkataritza txikia behar dugu, euskararen erabileraren bermerik handiena delako. Hortaz, bidelagun izan gaitezke prozesu horretan. Merkatari askok oso ondo hartu dute Euskaraldia orain egitea eta guretzat ere bada behar bat haiek gurekin izatea.
Bigarren mezua, euskararen biziberritzea, herri honek aurrera egiteko behar eta gogoarekin lotzea genuke. Aurrera aterako bagara, euskara ere lagungarri izan behar zaigu. Eta euskara aurrera aterako bada, gizartearen beharra ere badugulako izango da. Hortik landu dugu mezua. Gero, kontuan hartu behar da batzuentzat beti direla garai txarrak euskarak aurrera egin dezan.
COVID-19ak ezin du euskararen biziberritze prozesua galgatu. Horregatik da garrantzitsua hemendik aurrera antolatuko diren estrategietan ere euskararen aldagaia erdigunean egotea. Hori adierazi nahi izan genuen Kontseiluak bultzatutako Geroa euskaratik kanpainan. Mezua argia da: ohartzen gara zein den egoera, baina geroa eraiki behar dugu eta euskaratik eraiki behar dugu.
Euskaraldiak eta izurritearen aurkako neurriek (elkarren arteko tartea zaintzea, musukoa, ordutegi murriztuak…) ez dirudite bateragarriak. Zer nolako intzidentzia espero da aurtengo Euskaraldian? Non geldituko da arigunearen kontzeptu berria?
Lehen Euskaraldia norbanakoengan zentratu zen, baina orduko diseinuan bazen bigarren honetan norbanakoez gain entitateetara ere jotzeko asmoa. Halaxe sortu zen arigunea edo euskaraz egiteko guneen kontzeptua. Pandemiak galga handia ekarri du, egia da. Hala ere, zailtasunak zailtasun, eman den aurrerapausoa eta lortu dena ikaragarria izan da.
Egin kontu. Itxialdia, uda, batzorde batzuk sortzeko denborarik eza, beste batzuen ahulezia, eragozpen horiek denak izan arren, milaka entitatek eman dute izena, eta 25.000 arigune inguru sortuko dira. Hor arituko direnak 70.000 lagun baino gehiago izango dira. Aurreko Euskaraldian 225.000 lagunek parte hartu zutela kontuan izanda, kopurua ikaragarria da. Aurtengoa, mugak muga, Euskaraldi indartsua izango da eta hurrengoari begira oso bide-erakusle ona. Espero dezagun hurrengorako baldintzak normalak izatea eta ariketa ondo frogatuta izatea; ohitura izango dugula eta jauzi kualitatiboa egingo dela.
Behin eta berriz azpimarratu duzue belarriprest eta ahobizi rolak ez direla norberaren jakintzan oinarritzen, euskararekiko jarreran baizik. Esplika ezazu.
Euskaraldia oso planteamendu berritzailea izan zen eta masiboki zabaldu zen. Ez da erraza lehen aldiz egiten dena gaizki-ulerturik gabe gizarteratzea. Ahobizi eta belarriprest portaeren mailaketa bat da. Denok gara belarriprest, baina horien artean badira batzuk konpromiso sakonagoak hartzen dituztenak, eta horiei ahobizi deritzegu. Ez du lotura zuzenik ezagutzarekin. Izan liteke pertsona bat euskaraz oso ondo dakiena, baina bere baldintzak direnak direlako, belarriprest rola hartzen duena. Eta izan daiteke pertsona bat, bere euskara maila mugatua izanagatik ere, baldintzak halakoak dituelako, ahobizi rola hartuko duena. Esan behar da bestalde, belarriprest figuraren gutxiespena-edo sumatu zutela batzuek. Hori ekidin egin nahi da, argi eta garbi.
Belarriprest figura gakoa dela diozue.
Hala da. Hau ez baita euskararen aldekotasuna erakusteko kanpaina bat, ariketa praktiko bat baizik, ahalik eta hobekien betetzeko kontu bat.
Inportantea da nabarmentzea rolak ez direla bat aktibo eta bestea pasibo. Biak dira aktiboak, gertatzen dena da, aktibotasun hori mailakatu egiten dela. Ahobizi batek adierazten duena da, ahal duen guztietan euskaraz egingo duela, lehen hitza beti euskaraz egingo duela eta euskaraz ulertzen dutenekin beti euskaraz egin eta jarraituko duela. Oso jarrera proaktiboa da. Belarriprestak adierazten duena da, berarekin euskaraz egin nahi duten guztiak euskaraz egitera animatzen dituela, eta horrez gain, bakoitzak erabakiko du noraino egin dezakeen eta egin nahi duen, baina belarriprestek ere jarrera aktiboa izan dezakete, ahal duten guztietan eta ahal duten guztiekin euskaraz egiteko. Bi rolak dira garrantzi-maila berekoak.
Euskaraldiak egingo al du kanpainarik erdaldunentzat?
Aurten ahalegin berezia egingo da zertan ari garen eta beraiek ere zertan lagun dezaketen adierazten. Ariguneak osatzeko ezinbestekoa zen entitateko zuzendaritzaren oniritzia, babes esplizitua lortu nahi baitzen, euskaraz lasaitasun osoz aritzeko. Zuzendaritza horietan erdaldunak ere badaude noski, eta horiek asko lagun dezakete. Erdaldunek beren inguruan euskaraz egitea bultza dezakete. Guretzat inportantea zen beraiekiko azalpena ematea. Babestea eta zertan ari garen ulertzea eskatzen diegu. Horrekin batera, belarriprest izateko gonbita ere badago.
Horrek bide berri bat zabaltzen duela iruditzen zaigu. Une honetan Pello Jauregi eta beste hainbat egiten ari diren ikerketaren ondorioz, ulerrizketa metodologia ari da zabaltzen. Guk badakigu jakin, egoera batean gutxienez denok ulertzen badute, zer nolako posibilitate berriak sortzen diren.
Komunikazio kanpainan gaztelaniaz eta euskaraz egin dira spotak, eta mezuak diferenteak dira. Topagunean ere ikusten dugu premia hori: erdaldunekiko komunikazioa indartu egin behar dela, baina oro har, ez Euskaraldian bakarrik. Nafarroatik oso garbi heldu zaigu eskaera, eta beste herrialdeetan ere garbi ikusi da. Gure bilakaera honetan, euskaldunengan zentratutako mugimendua izan da euskara elkarteena eta hala izango da hemendik aurrera ere, baina erdaldunekiko harremanak, komunikazioa, informatzea, animatzea, hori ere garrantzitsua dela iruditzen zaigu.
Positiboki amaitzearren, Tolosaldean oso datu onak lortu ditu euskararen erabilerak. Zer du Tolosak esportagarri?
35 urtez egin dira kale neurketak, eta 2019an lehen aldiz, euskara gaztelania baino gehiago entzun da Tolosako kaleetan. Perspektiba historikoa landu genuen eta ohartu ginen inongo zalantzarik gabe esan zitekeela, 100 urtean estreinakoz gertatu dela horrela, eta bazela komunikatzeko eta ospatzeko puntu bat.
COVID-19a baino lehen, ospakizun erraldoi bat egitea pentsatu genuen. Gero, mugatu egin behar izan genuen. Ekitaldi bat egin genuen Leidorren, berri ona ospatzeko, eta bide batez, Euskaraldia martxan jartzeko, Tolosaldean ikusten genituen etorkizuneko erronkak nabarmentzeko. Horrelako prozesu positiboak eskualde askotan daude, eta gurean, ezer erakustekotan, esango nuke lan jarraituaren beharra dela nabarmenena, bai euskara elkartetik, bai udalaren aldetik, bai hedabideetatik eta abar. Zenbat eta modu koordinatuagoan egin, orduan eta emaitza hobeak lortzen dira, eta eskualdearen ikuspegia ere erantsiko nioke. Tolosa eta Villabona maila ertaineko bi herri ditugu eta inguruan herri euskaldun asko dugu, arnasgune asko. Honek erakusten digu, arnasguneek arnasgune izaten jarraitzeko, ezinbestekoa dela hirigunea ere euskalduntzen joatea; baina hiriguneak euskalduntzen joateko, ingurune euskaldunagoen babesa behar dutela. Erlazio eta interakzio horrek lagundu egin digu Tolosaldean.