Gaur hasiko da Euskaraldiaren bigarren edizioa, azaroak 20. Parte hartuko duzu? Ahobizi, edo belarriprest? Ariketa sozialari ekiteko gogotsu?
Bai, parte hartuko dut, aurreko edizioan bezala, ahobizi moduan eta oraingo honetan, laneko arigune batean. Zenbait pertsonekin hizkuntza-ohiturak aldatzeko ahalegina egingo dut ariketak irauten duen bitartean, azaroaren 20tik abenduaren 4ra.
Euskal hiztun eta herritar bezala, zer esan nahi du Euskaraldiak zuretzat? Zerk motibatzen zaitu parte hartzera? Zertarako ikusten duzu erabilgarri?
Lasarteoriatar euskal hiztun batentzat, Euskaraldia beste inorentzat baino bereziagoa da. Hemen jaio zelako ekimena eta hemen sortu zirelako lehen ahobiziak eta belarriprestak. Zentzu horretan, harro egon gaitezke guztion artean lortu dugunaz. Garai zaila da, baina Euskaraldia martxan jartzeko indarra atera dugu. Herri gogoa, beharra eta ilusioa indartsuak dira. Eta horregatik heldu gara honaino. Euskaraz bizi nahi duen herria gara eta, beraz, gure hizkuntza aukerak praktika bihur ditzakegu. Hori da Euskaraldiaren helburua: ahozko hizkuntza ohiturak aldatzea.
"Lasarteoriatar euskal hiztun batentzat, Euskaraldia beste inorentzat baino bereziagoa da, hemen jaio zelako ekimena"
Aurreko galdera-sorta hori bera egingo dizut orain, Estitxu, baina Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari gisa erantzun ditzazun.
Euskaraldiak berdina esan nahi beharko luke herritar batentzat zein kargu publiko batentzat. Nik behintzat ezin dut bereizketa hori egin. Beraz, aurretik esandako guztiak berresten ditut. Egia da nire karguak aukera paregabea ematen didala eragile ezberdinekin egoteko, haiekin lan egiteko, Lasarte-Orian sortu zen ekimena lau haizetara zabaltzeko eta euskara euskal herritar guztion ahotara eramateko eta, hori guztia, karguak eskaintzen didan pribilegio bat da.
Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan da bigarren edizio honen leloa. Gaur egun bizi dugun egoeran, mundu mailako pandemia batean tarteko, ez dirudi erraza hori egin ahal izatea hilabete amaierara arte gutxienez, ez behintzat duela bi urte egin genuen moduan. Mugikortasunean mugak, distantzia fisikoa mantendu beharra, solaserako aproposak izan zitezkeen ostalaritza establezimenduak itxita, adibidez… Eragin dezake horrek guztiak Euskaraldiaren helburuetan eta irismenean?
Pandemia honek mota guztietako mugak jarri dizkigu. Aurrez aurreko harremanetan, ekimenaren beraren zabalkundean, txapen banaketan, eta abar. Baina oztopo guztien gainetik, Euskaraldia antolatu, antolatu dugu eta milaka herritarrok hartuko dugu parte. Hori da, zalantzarik gabe, edizio honen arrakasta. Euskaraldiaren helburuak bete al diren jakiteko edo Euskaraldiak gizartean izan duen inpaktua jakiteko, pixka bat itxaron beharko dugu. Aurreko edizioan bezala, bi ikerketa egingo direlako aurreko bi faktore horiek aztertzeko.
Ahobizi edo belarriprest izateko gakoa ez dago jakintzan, jarreran baizik. COVID-19aren pandemiak eragin ditu, besteak beste, jarrera eta gogoa gutxitu ditzaketen sentimendu asko: kezka, ezinegona, ziurgabetasuna… Euskaraldia bezalako ariketa bati behar bezala eusteko indarra dugula iruditzen zaizu?
Bai. Bestela Euskaraldia nekez antola zitekeen. 421 herritan sortu dira batzordeak eta 25.000 arigunetik gora osatu dira 6.800 entitatetan. Hori guztia ez litzateke posible izango indarra eta ilusioa ez balego. Beraz, ariketa egiteko izena eman dugun milaka herritarrok, egunerokoa horrenbeste aldatu zaigun arren, ariketari ilusioz eusteko asmo zintzoa azaldu dugu. Azken finean, ez dezagun ahaztu, ariketa edo praktika bat dela Euskaraldia.
Euskaraldiaren antolatzaileetako bat da Hizkuntza Politika Sailburuordetza. Zuen talaiatik, nolakoa izan da bigarren edizio hau gauzatzeko prozesua? Zertaz arduratu zarete?
Alde batetik, errazagoa izan da, zerotik abiatzen ez ginelako eta eskarmentu bat bagenuelako. Elkarlanean ibilbide bat hasita genuen eta Euskal Herriko herri askoren babesa ere bagenuen. Aurreko edizioaren gakoa elkarlana izan zenez, bigarren edizio hau ere elkarlanean ardaztu dugu. HPS Hizkuntza Politika Sailburuordetza, Euskaltzaleen Topagunearekin batera antolatzaile nagusia izanik, gure lana edizio honen ezaugarri nagusiak adostea eta Nafarroako, Iparraldeko eta Euskalgintzaren arteko koordinazioa lantzea izan da. Horrez gain, dinamizatzaile sare egonkor bat bermatzea, Topagunearekin batera komunikazio estrategia orokorra diseinatzea eta izena ematearen eta txapen banaketaren logistikan ere laguntzea izan dira gure ardura nagusiak. Eta jakina, Eusko Jaurlaritzaren eragin esparrua baliatzea Euskaraldia sustatzeko.
"Gure lana edizio honen ezaugarri nagusiak adostea eta Nafarroako, Iparraldeko eta Euskalgintzaren arteko koordinazioa lantzea izan da"
Zer moduzkoa izan da Euskaltzaleen Topagunearekin eta koordinazio mahaiko gainontzeko erakundeekin elkarlana? 2019an Lasarte-Orian egin ziren Udaltop jardunaldietan horri buruz jardun zineten Topaguneko kide Jasone Mendizabal eta zu zeu, bide bateratu horretan topatu zenituzten oztopoak aipatuz eta horietatik ere ikas zitekeela aldarrikatuz.
Oso izaera ezberdinetako erakundeak izanik, erritmoak egokitzea egokitu zaigu bioi. Administrazio publiko batean erabakiak azkar hartu daitezke, baina erabaki horiek praktikan jartzeak burokrazia handia eskatzen duenez, prozesua denboran luzatu egiten da. Kudeaketa pribatua duen elkarte baten kasuan aldiz, alderantziz gertatzen ohi da. Erabakiak hartzeko denbora gehiago behar izaten dute baina erabaki horiek praktikara eramatea askoz ere errazagoa da. Bestalde, ekimena beraren komunikazioa eta diskurtsoak adostea eta zaintzea ezinbestekotzat jo genuen; hasiera-hasieratik, horren alde egon ginen biok. Oztopo horiek aldez aurretik aurreikustea eta prozesuan zehar sortu izan diren gaizki-ulertuak mahai gainean jartzea eta konpontzea ikasbide bat izan da guztiontzat.
Aurtengo Euskaraldian, ahobiziek eta belarriprestek ez ezik, mota guztietako entitateek ere parte hartuko dute, ariguneak sortuz. Zer bilatu nahi da enpresa, elkarte eta bestelako eragileen parte hartzearekin?
Euskaraz lasai aritzeko espazioak sortzea bilatu nahi izan da. Lanean, taberna batean edo kirola egiten. Horretarako, mota guztietako erakundeei aukera zabaldu zaie, euren eremuan espazio horiek sustatu eta babestu ditzaten. Bi helburu lortu nahi izan dira ariguneen bitartez: batetik, herritarrei, denda batean edo banku batean sartzerakoan, eremu horretan edonorekin euskaraz lasai aritzeko aukera dutela adieraztea. Eta bestetik, ariguneen bitartez hizkuntza praktika berriak modu kolektiboan martxan jartzeko aukera ematea.
Hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa soziala Euskal Herriko 421 udalerritan egingo da eta 25.000 arigunetik gora sortu dituzte 6.800 entitatek (galderak bidaltzerakoan norbanakoen izen-ematea itxi ez denez, datuak ez ditut sartu, ez baitira definitiboak gaur-gaurkoz). Nola baloratzen duzue parte hartzea?
Kontuan hartuta “azken bultzada” eman behar zitzaion urte honetako gorabehera guztiak, ia bi hilabeteko itxialdi oso zurrun bat tarteko.
Guk ez dugu Euskaraldiaren arrakasta zenbakietan oinarritzen eta zenbakiak gora, zenbakiak behera, ariketa ondo egiteari ematen diogu garrantzia. Pandemia honek ekarri dizkigun bizimodu berrien eta oztopo guztien gainetik, Euskaraldia egitea lortu dugu. Eta alde horretatik, irakurketa ezin positiboagoa egiten dugu.
Zenbakiak gora, zenbakiak behera, ariketa ondo egiteari ematen diogu garrantzia"
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan zenbat arigune sortu dituzue? Zenbat kidekoak?
Gaur-gaurkoz, Eusko Jaurlaritzan eta bere erakunde autonomoetan 164 arigune sortu ditugu. Kopuru aldetik guztiz ezberdinak: batzuk bizpahiru lagunekoak, eta beste batzuk, HPSren kasuan bezala, 45ekoak. HPS sailean, bere ezaugarri bereziengatik, 45 lagunok osatutako arigune bakarra osatzea erabaki genuen.
Pandemiak eragin duen egoerari helduko diogu berriro, ikuspuntu orokorrago batetik. COVID-19ak zer nolako eragina izango du Euskaraldiaz gain martxan dituzuen egitasmoetan? Eta etorkizunean garatzea aurreikusita zenituztenetan? Euskara sustatzen jarraitzeko lan hori galga dezake?
Aurrekontuen lanketan ari garen arren, diru laguntzen eta programen finantziazioen aldetik aldaketarik ez egotea aurreikusten dugu baina, egoera honetan, tamalez diru laguntzak bermatzeak ez ditu pandemiaren ondorioak murriztuko. Aisialdia, hedabideak, arlo soziekonomikoa... Egoera berri honetara moldatu beharko dituzte euren jarduerak eta guk horretan lagundu nahi dugu. Mundu mailako krisiari euskaraz egingo diogu aurre. Horixe da euskaldunok euskara erabiliz giza garapenari egiten diogun ekarria: gizarte kudeaketa aurreratuari gaineratzen diogun balio erantsia.
"Aurrekontuen lanketan ari garen arren, diru laguntzen eta programen finantzazioen aldetik aldaketarik ez egotea aurreikusten dugu"