EUSKARALDIA 2020

Asteartera arte izena eman ahalko da Euskaraldian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 21a, 07:52

Euskaraldiak luzatu egin du dinamikan parte hartzeko izena emateko epea. Azaroaren 24ra arte izango da horretarako aukera, online edo Okendo plazan egongo den IGUNEaren bidez. Ostiral honetan hasi da egitasmoa, eta abenduaren 4ra arte parte hartuko dute aurtengo ariketan herritarrek

Iritsi da txapak kolkoratu eta Euskaraldian parte hartzeko unea. Ostiraletik hasita eta hamabost egunez, hizkuntza-ohiturak astindu eta ariketa sozialean parte hartuko dute lasarteoriatarrek ere. Herritarren eta entitateen ahozko hizkuntza praktika berriak sustatzeko ariketa soziala da Euskaraldia eta ahobizi eta belarriprest dinamikan oinarritzen da.

Herritarrek modu kolektiboan hizkuntza-ohiturak astindu eta aldatzeko abiarazitako bideari jarraipena ematea da  abenduaren 4an amaituko den egitasmoaren helburuetako bat, baina ez bakarra. Horrekin batera, eta aurtengo berrikuntza gisa, mota guztietako entitateak euskaraz aritzea ahalbidetu eta babesteko erabaki berriak hartu eta urrats esanguratsuak ematea ere badu xede dinamikak, eta baita ere, euskaltzale antolatuen batzorde eta lankidetza harremanak indartu eta egonkortzea. Horretarako, ariguneak sortu dituzte aurten: euskaraz aritzeko guneak. Gune horiek, euskaraz aritzeko edo hitz egiteko aukera bermatuko diete entitateei – eta norbanakoei–. Bi motatako ariguneak bereizi dituzte; alde batetik, barne-ariguneak daude. Horiek dira entitate baten baitan ohiko dinamika duten eta kide guztiek euskara gutxienez ulertzen duten taldeak. Bestalde,  kanpo-ariguneak ere badaude. entitatean herritarrekiko harreman-espazioetan dauden pertsonek osatzen dituzte horiek.

Bakoitzak bere eremuan, ingurukoarekin ari da euskaraz, egunotan: gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan.

Izen-emateak
Erronkametroek gora egin dute egunotan. Ostiral goizera arteko datuen arabera, 1.738 lasarteoriatarrek baino gehiagok izena emana zuten Euskaraldian. Horietatik 1.261 dira ahobiziak eta 477, berriz, belarriprestak. Euskal Herri mailako datuak, aldiz, hauek dira: guztira 147.000 lagunek eman dute izena; horietatik %79ak ahobizi gisa eta %21ak belarriprest bezala. Datu horiek kontuan hartuta, lurraldez lurraldeko datuei erreparatuz, %9a arabarrak dira, %32 bizkaitarrak, %44 gipuzkoarrak, %12 nafarrak eta %2a Ipar Euskal Herrikoak.

Koronabirusak ere izan du eraginik Euskaraldian. Hain zuzen ere, apirilean Etxealditik Euskaraldira ekimena izan genuen. Alde batetik, etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea izan zuen helburu dinamika hark; eta beste alde batetik, euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz.  
Izena emateko epean ere eragin du pandemiak.  Euskaraldiaren antolatzaile nagusi diren Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaleen Topaguneak jakinarazi dutenez, COVID-19ak eragindako egoera medio, herritarrak informatzeko eta izena emateko zailtasunak izaten ari direla helarazi diete hainbat eta hainbat herritako dinamikaren antolatzaileek, hortaz, izena emateko epea luzatzea erabaki dute. Azaroaren 24ra arte izango dute herritarrek ariketa sozialean izena emateko aukera, asteartea, 23:59ak arte.

Horretarako, bi modu izango dituzte lasarteoriatarrek. Alde batetik, http://izenematea.euskaraldia.eus/ atariaren bidez, eta bestetik, berriz, Okendo plazan egongo den IGUNEan. Astelehen eta asteartean Okendo plazan egongo da izen-emateak biltzen, 10:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 19:00etara.

IGUNE ibiltaria
Lasarte-Oriako Euskaraldiak egitasmo berezi bat izan du martxan. Herritarrek ariketa sozialean parte hartzera animatu eta izen-emateak dinamizatzeko helburuarekin, IGUNE ibiltaria dabil Lasarte-Oriako txoko ezberdinetan barrena. Asko izan dira informazio gune horretara gerturatu diren lasarteoriatarrak. Guztira 200 izen ematetik gora bildu dituzte IGUNEan, bertako arduradunek azaldu dutenez. Horrez gain, photocall koloretsu bat ere badu IGUNEak, eta asko izan dira bertan argazkiak ateratzera animatu diren ahobizi edo belarriprestak.

Txapak jasotzea
Izen-emate epea ixtear, egitasmoan parte hartzen ari dira herritarrak. Horretarako, ahobizi edo belarriprest rolean arituko diren herritarrek rol horiek bistaraziko dituzten txapak eskuratzeko aukera izango dute. Ostegunean, hasi ziren antolatzaileak txapak banatzen, baina atzo, astelehenean eta asteartean ere izango da horretarako aukera. Okendo plazara gerturatu beharko dira herritarrak, goizez edo arratsaldez. Goizez 10:00etatik 13:00etara jarriko dira Euskaraldiko arduradunak txapak banatzen eta, arratsaldez, berriz, 16:00etatik 19:00etara. Hortaz, oraindik izenik eman ez duen eta dinamikan parte hartu nahi duen herritarrik bada, datorren astelehenean eta asteartean izango dute horretarako azken aukera, hilaren 23an eta 24an.