Hondakin organikoa bereizteko, kanpaina berria

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 19a, 15:00
Agustin Valdivia alkatea eta Spora Ingurumen Zerbitzuko ordezkari Myriam Esteban kanpainaren aurkezpenean.

Lasarte-Oriako Udalak 5. edukiontziaren erabilera sustatu eta frakzio organikoaren bilketa handitzeko kanpaina berri jarriko du martxan. Alkate Agustin Valdiviak eta kanpaina berriaz arduratuko den Spora Ingurumen zerbitzuetako Myriam Estebanek azaldu dituzte gaur goizean ekimen berriaren nondik norakoak

Agustin Valdivia alkateak kontzientziazio kanpaina berriaren zergatia azaldu du. " 2020. urtean Lasarte-Oriako Udalak gaikako bilketa %60ra iristeko helburua zuen jarrita. Egun %45ean gaude,  helburutik oso urruti".

Horrez gain, alkateak nabarmendu duenez  2020 urtean beherakada handia izan da hondakin organikoen bilketan. "Nahiz eta 2019. urtean baino 262 erabiltzaile gehiago izan, urte honetan 31.500 kilo gutxiago bildu dira". Eta Udalak aztertu beharko duen gertakaria dela azaldu du.

Ekimenak

Myriam Esteban Spora Ingurumen Zerbitzuetako ordezkariak azaldu duenez, difusio kanpaina bat egingo dute lehenik. Kartel informatiboak jarriko dira kalean eta herritarrei  hondakin organikoak botatzeko 5. edukiontzi erabiltzeko gonbida egingo zaie eskutitz bidez.

Kalean ere egongo dira. Azaroaren 23tik abenduaren 19ra, astelehenetik larunbatera puntu informatibo bat jarriko dute goizez 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara. Nagusiki Okendo plazan egongo da puntua. Baina asteazkenetan Andatza plazako azokan egongo dira, 11:00etatik 14:00etara eta abenduaren 4an, Brigitarren komentu aurreko plazan egun osoz.

Puntu informatibo horretan  5. edukiontziaren erabilerari buruzko informazioa banatzeaz gain, izen ematen duten pertsonentzako kitak ere egongo dira. 5. edukiontzia irekitzeko txartelak, konpostagarriak diren poltsak, ontzi marroia eta iman bat osatuko dute kita. Estebanek azaldu duenez, oraingoaz ohiko kitari imana batu diote. "Iman hori herritarrek eskura izan dezake gida modura, 5. edukiontzian zer bota dezaketen azaltzen baitu".

Horrez gain, hondakin organikoa bereizten ez duten herritarrei 5. edukiontzia erabiltzeko gonbita eginez deituko zaie etxera. 

Eta herritarren eskura kezkak azaltzeko 647 057 402 telefono egongo dela ere jakitera eman dute.

Kanpaina honekin 5. edukiontziko erabilera areagotzea eta gaikako bilketako helburua laster eskuratu ahal izatea espero du Udalak.