JALGUNE ELKARTEA

Aparteko pertsonek prestatutako jaialdi berezia, Lasarte-Orian 'Esklusiban!'

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko aza. 19a, 09:00

"Jalgunen, zerbaitetan adituak bagara, ezarritako mugak gainditzean eta egokitzean da". Esan eta egin, beste behin: Jalgune elkarteko lagunek XIV. jaialdia egingo dute azaroaren 28an, larunbatarekin, kultur etxean, 18:00etatik aurrera. Pandemiak ekarritako mugak gainditu, eta ospakizun berezia prestatu dute. Ekitaldiaz zuzenean gozatu ezin dutenak joan daitezke egun batzuk beranduago egingo duten bideo-emanaldira. Agendan apuntatzeko: abenduak 3, osteguna, 18:30ean kultur etxean.

Jalguneren jaialdia kultur agendan apuntatzea arraroa izango zen hasierako urteetan herritarrentzat, baina hitzordua ohiko bilakatu da urteen poderioz. "Berezia", Jalguneko lagunek aurkezpen prentsaurrekoan azpimarratu dutenez. "Zerk egiten du zerbait berezi? Arruntetik desberdintzen den hark, Zeintzuk dira gure jaialdia definitzen duten aparteko ezaugarriak? Begi hutsez ikusten ez diren gaitasunak, apartekoak".  

Apartekoa izango da baita ere aurtengo jaialdia, XIV. edizioa. Pandemiak behartu egin gaitu gure egunerokoa aldatzera, gure arteko harremanak mugatzera eta, besteak beste, distantzia fisikoa mantentzera. Hori dela eta, "inoiz baino mugatuagoa" izango da aurtengo ospakizuna, "pertsona kopuruan eta besarkada eta musuetan". Dena dela, Jalgunek ohartarazi du, zerbaitetan adituak badira, dela ezarritako mugak gainditu eta egokitzean. Azaroaren 28an frogatuko dute hori, kultur etxean, 18:00etatik aurrera, osasun egoeragatik are neurri murriztaileagoak ez baditu hartzen behintzat Eusko Jaurlaritzak. Bestela, jaialdia atzeratu egingo dute, baina ez dute bertan behera utziko. Abenduaren 3ko emanaldia, berriz, mantendu egingo dute, eta jaialdiaren irudiekin ikus-entzunezkoa proiektatu beharrean, astero egiten dituzten saioetan grabatutako bideoak eskainiko dituzte.

Arraroa, edo normala? 

Hausnartzeko moduko gogoetak plazaratu dituzte Jalguneko kideek. Adibidez, hau: "Arraroa edo normala izatearen alde hautatzeko aukera bazenu, zer nahiago zenuke?". Elkarteko lagunen iritziz, gizakiok sentitu behar dugun arren gainerakoek berdintzat onartzen gaituztela, desberdin pentsatzeak edo jokatzeak ez luke oztopo izan behar. "Gizabanako gisa garatzeko ezinbesteko tresna da ezberdina izatea: izakiak bakarrak gara eta hori da gure erakargarritasun eta botere handiena". 

Jalgune elkarteak duela hamalau urte antolatu zuen jaialdia aurrenekoz. "Lehen edizioak gauza 'arraroak' ziren; beno, zintzoak izanik, Jalgune ere 'arraroa' zen". Aurreneko ekitaldi horiek "ezohikoak, bitxiak eta originalak" ziren. Urte horiek guztiak pasa eta gero, elkartearen egun hori "ohiko hitzordu" bilakatu da herritarren agendetan eta, Jalguneko lagunek esan dutenez, jaialdia, agian, "arraroa" izatetik "berezia" izatera pasa da arrazoi horrengatik.

Maskaren '#gaigara' edizio mugatua

Jalguneko kideek adierazi dute "oztopoz eta mugaz betea" izaten ari dela 2020. urtea, baina badaudela elementuak oztopo horiei aurre egiten lagundu digutenak. Esate baterako, maskarak. Kool estudioarekin eta Janire Arroyo herritarrarekin batera egitasmo bat jarri du martxan Jalgunek: #gaigara maskaren edizio mugatua. "Janirek goraka egiten duten pertsonak islatu nahi izan ditu diseinuan; mugak gainditzeko gai direnak". Elkartearen Facebook eta Instagram kontuen bitartez eska daitezke azaroaren 28ra arte.

Jalgune eta TXINTXARRI aldizkaria lankidetzan aritu dira aurten ere. Gu arduratu gara kartelerako argazkiak ateratzeaz eta diseinuaz, eta azaroaren 28ko jaialdia bideoz grabatuko dugu; Jalgunek ikus-entzunezko hori abenduaren 3an eskainiko du, ostegunez. 

Erlazionatuak

Jalguneren XIII. Jaialdia

Txintxarri Aldizkaria 2019 abe 01 Gizartea

'Zuekin Ez Dok Amairu' jaialdia

Txintxarri Aldizkaria 2019 abe 11 Gizartea