Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan kasuak zenbatzen jarraitu dute asteartean, baina koronabirusaren intzidentzia altuagoa da herri batzuetan besteetan baino. Hernanin hamabi kasu atzeman dituzte astelehenean; Andoainen eta Lasarte-Orian, zazpina; Astigarragan, sei; eta Urnietan eta Usurbilen, bana.
Eskualdeko sei udalerriek gune gorrian egoten jarraitzen dute, 100.000 biztanleko 500 kasu positibo baino gehiago dauzkatelako batez beste azken hamalau egunetan. Dena den, azken egunetako bilakaerarekin jarraitzen badute, laranjara laster igaro daitezke Urnieta eta Usurbil –533,12 eta 506,49ko tasak dauzkate, hurrenez hurren–.
EAEko hiru lurraldeetan 1.050 kutsatze atzeman dituzte asteartean, horietatik 459 Gipuzkoan. Positiboak atzemateko PCR probak eta antigenoen test azkarrak egiten dituzte Osakidetzako beharginek; ehunetik zazpi izan dira positiboak azaroaren 17an.
Osakidetzako zentroetan bezperan baino bi paziente gehiago koronabirusagatik ingresatuta badaude ere –485 guztira–, ZIU Zainketa Intentsiboko Unitateen okupazioa jaitsi egin da apur bat, astelehenean baino zortzi pertsona gutxiago egon baitira oheratuta planta berezi horietan asteartean.