Udazkeneko denboraldi motza hasi da

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 18a, 10:15
Avial prestatzailearen Curillines izan zen bigarren lasterketan garaile. Arg.: Txema Valles

Donostiako Hipodromoko udazkeneko denboraldiari hasiera eman zitzaion, azaroaren 13an

Hipodromoak udazkeneko denboraldia bereziari ateak ireki dizkio. Lehen jardunaldian, bosgarren lasterketara arte ez zen nabarmentzeko gertakaririk izan.

Jardunaldiko lehen lasterketan, Janacekek Arizkorretaren Tito zaldia eraman zuen podiumeko lehen postura. Bigarrenean, berriz, Avial prestatzailearen Curillinesek eraman zuen saria Armand hockeyaren eskutik. Hirugarrenean, Sison eta Gelabertek lortu zuten helmugan lehenak izatea. Udako denboraldiko hainbat saritan bezala, Pereiraren Iron Rockek irabazi zuen laugarren lasterketa oraingoan Nicolas de Julianek zuzenduta.

Ezusteko handiena bosgarren lasterketan izan zen. Vouch faboritoa azken zuzengunean lehen zihoan arren, atzetik Cocklina iritsi eta azken metroetan garaipena eskuetatik kendu zion.

Ostiralean, bigarren jardunaldia izango da, 14:45etik aurrera. Ezingo da ikuslerik egon. Ohi bezala, bost lasterketa izango dira eta Urdaneta, Legazpi, Elcano, Lezo eta Oquendo sariak jokatuko dituzte izena eman duten 35 zaldiek eta behorrek.

Garaipena Madrilen 

Lasarte-Oriako Raul Ramos hockeyak hiru lasterketetan parte hartu zuen lehen jardunaldi honetan eta lehen sarian lortu zuen posturik onena. Pereirak prestatzen duen Grilo zaldiarekin hirugarren izan zen.

Igandean, berriz, Madrilgo La Zarzuelako hipodromoan kendu ahal izan zuen arantza. Habit saria irabazi zuen Vetona behorra gidatuta.