Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan kasuak zenbatzen jarraitu dute astelehenean zehar, baina koronabirusaren intzidentzia altuagoa da herri batzuetan besteetan baino. Andoainen 13 kasu atzeman dituzte astelehenean; Lasarte-Orian, sei; Hernanin, lau; Astigarragan, bi; Usurbilen, bat; eta Urnietan bakar bat ere ez. Bi egun daramatzate herri horretan kutsatze berririk atzeman gabe.
EAEko hiru lurralde historikoetan 941 positibo detektatu dituzte azaroaren 16an, horietatik 411 Gipuzkoan. Kutsatze berriak atzemateko PCR probak eta antigenoen test azkarrak egiten ari dira Osakidetzako beharginak. Astelehenean egin dituzten probetatik %8,9 dira positiboak.
Paziente gutxiago egon dira ospitaleratuta koronabirusagatik astelehenean igandean baino: 483, bezperan baino 33 gutxiago. ZIU Zainketa Intentsiboen Unitateetan bezperan baino lau pertsona gutxiago oheratuta egon dira Osakidetzaren zentroetan; 141 denera.