Arteaga II.a Promozio mailako finalaurrekoetan da

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 17a, 12:30
Axier Arteaga, Artega II.a, artxiboko irudian partida jokatzen.

Axier Arteaga, Arteaga II.ak, Promozio mailako buruz buruko txapelketa ederki hasi du. Ostiralean, azaroaren 13an, Zabala garaitu zuen 7-22. Finalaurrekoan Salaberria izango du aurrez aurre

Promozio txapelketa hasi zen lehengo asteburuan eta Axier Arteaga herritarrak ez du nahi adina prestatu ahal izan. Urriaren 2an, ezker eskuko hatza hautsi  zuen eta gutxi entrenatu ahal izan du. Hatza oraindik ez dago osatua Arteagak azaldu digunez, baina medikuaren baimenarekin kapsula berezi batekin jokatu zuen ostiralean.

Final-laurdenetako partida gogorra espero zuen herritarrak Zabalaren aurka. Uste baino errazago joan zela onartu eta Zabala oso urduri hasi zela nabarmendu du Arteaga II.ak. "Akats asko egin zituen eta horri esker, aldea atera nion". 

Egoeraz baliatu zen herritarra. "Txapelketako lehen partida izanda, nahiko tentsiorekin hasi nintzen. Baina partidan mantentzen jakin nuen. Hemezortzigarren tantotik aurrera, partida nahiko bideratua ikusi nuenean, lasaitu nintzen eta orduan, azken tantoetan, gozatu nuen". Eta garaipena erdietsi zuen.

Finalaurrekoa
Azaroaren 20an, ostiralarekin, jokatuko da finalerdian Salaberria izango du arerio. Partida gogorra aurreikusten du herritarrak. "Ostiralean, bere partidan ikusi ahal izan zen bezala, Salaberria arerio oso gogorra da. Lautik aurrera pilota harrapatzen duenean artista da, segituan tantoa amaitzen du. Kontraerasoan ere min handia egiten du. Arerio arriskutsua da". 

Hori dela eta, Arteaga II.ak argi du bere estrategia, Salaberria atzeko koadroetan edukitzen saiatuko da. "Eta ahal dudanean aurreratu eta tantoa amaituko dut". 

Berrikuntzak

COVID-19ak eraginda, Promozio mailako buruz buruko motza izango da aurtengoa. Final-laurdenak jokatu dira dagoeneko eta finalaurrekoak eta finala geratzen dira jokatzeko. Aurrez sailkapen partida bat egon dela ere azaldu digu herritarrak. "Erasunek eta Larrazabalek jokatu behar izan zuten".
Hain txapelketa motza izateagatik, txapelketako partida bakoitzean ehuneko ehuna emango duela aitortu du herritarrak. "Nere esku dagoen maila altuena eman nahi dut". 

Nahiz eta hori egin, txapelketatik kanpo geratzea posible dela argi du Lasarte-Oriako pilotariak. Izan ere, partida bakarrera jokatzen baita guztia. 
"Txapelketa irekiagoa da. Partida bakarrera edozeinek dauka irabaztea eta egun txar bat edozeinek izan dezake eta besteak ona. Galtzea tokatzen bada, egin dudan partidarekin gustura egotea eta ikasten jarraitzea dira nire helburuak," azaldu du Arteaga II.ak. 

Buruz buruko nagusiaren antzera, moldaketa batzuk ere izan ditu promozio mailako txapelketak. Arteaga II.aren jokoan eragin handien duena, pasako marra sei eta erdira aurreratu izana da. "Sakea aldarazi dit. Ni sakeak luze ateratzekoa naiz, ez daukadalako besteek duten indar hori sakea egiterakoan. Luze horrekin arrisku gehiago hartu behar dituzu. Baina batzuetan indar gehiagorekin eta motzean jokatzea komeni da".

Horrez gain, partidak ezin atzeratzeak ere eragina duela aipatu eta astean zehar oraindik gehiago zaindu behar dela nabarmendu du. "Segurtasun neurriak gehiago zaindu behar dira. Konfinatuta egon beharrez gero, pena handia izango litzateke txapelketa utzi beharra".