COVID-19

Lasarte-Orian 26 positibo atzeman dituzte azken hiru egunetan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 16a, 13:44

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuen arabera, 26 kutsatze detektatu dituzte Lasarte-Orian asteburuan zehar: hamabi ostiralean, zortzi larunbatean eta sei igandean. Azaroko inzidentziak altua izaten jarraitzen du: hamabost egun pasa direnean, 192 kasu atzeman dituzte gure herrian, urri osoan baino 28 gutxiago.

Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan kasuak zenbatzen jarraitu dute asteburuan zehar, baina koronabirusaren intzidentzia altuagoa da herri batzuetan besteetan baino. Hernanin 39 kasu atzeman dituzte azken hiru egunetan; Lasarte-Orian, esan bezala, 26; Andoainen, 24; Astigarragan, hamabi; Usurbilen, bi; eta bakarra Urnietan.

Gauzak horrela, gune gorrian jarraitzen dute eskualdeko sei udalerriek, azken hamalau egunetan 500 kasu baino gehiago dituztelako 100.000 biztanleko. Grafika honetan ikus daiteke bakoitzaren intzidentzia tasa:

EAEko hiru lurralde historikoetan 801 positibo detektatu dituzte igandean, horietatik 307 Gipuzkoan. Larunbatean baino 242 kasu gutxiagoren berri eman du Osasun Sailak, baina Osakidetzako langileek PCR proba eta antigenoen test azkar gutxiago egin dituzte azaroaren 15ean, 10.309 guztira. Horietatik positiboak izan dira proben %7,8. 

Ostiralean eta larunbatean baino pertsona gehiago egon dira igandean ospitaleratuta koronabirusagatik: 516 denera. Horietatik 145 ZIU Zainketa Intentsiboen Unitateetan ingresatuta daude.