COVID-19

Milatik gora jarraitzen du kutsatze berrien kopuruak erkidegoan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 15a, 12:36

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eguneratu berri ditu koronabirusaren hedapenari buruzko datuak. Argitaratutako albistearen arabera, larunbatean, 13.077 test diagnostiko egin zituzten Euskal Autonomia Erkidegoan, PCR eta antigeno probak batuta; eta horietatik 1.009 positiboak izan ziren. Hori horrela, positibo tasa % 7,7 da, bezperan baino 1,1 puntu gutxiago. Lurraldeka, Gipuzkoan 431 kutsatze berri erregistratu zituzten; 453, Bizkaian; 116, Araban; eta gainerako bederatziak erkidegotik kanpo bizi diren pertsonak dira. COVID-19ak eragindako 50 pertsona ospitaleratu zituzten atzo eta 146 gaixo daude ZIUetan. Herriz herri eta atalka xehatutako asteburuko datuak biharko txostenen ezagutaraziko dituzte.