Asier Suberbiola: "Aitortu behar zaio musika herrikoiari daukan balioa"

Maitane Aldanondo 2020ko aza. 15a, 10:00

Asier Suberbiola - Biolinista
Irungo Udalak aurten abiarazitako Iñigo Muguruza ikerketa beka irabazi berri du, eta haren abesti esanguratsuenetan oinarrituta, material didaktiko berezia osatuko du.

Bi hamarkada daramatza Asier Suberbiolak biolinarekin musika estiloen arteko zubiak eraikitzen aupaQUARTET edota Asier Suberbiola Swing Trio taldeetan, eta musika eskoletako ikasleen eskemak apurtzen biolin irakasle bezala. Konposizioa eta teknologia  garaikideak graduondokoa du, eta orain psikologian oinarritutako master bat egiten ari da, coaching-a musikara bideratzeko.

Azken asteetan, ordea, albiste izan da eskuratu duen bekarengatik. Horren aitzakian,  bere ibilbidearen errepasoa egin eta Iñigo Muguruzaren garrantziaz mintzatu gara Suberbiolarekin. Telefonoz, bizitoki duen Bartzelonatik erantzun ditu Txintxarri-ren galderak. Orain arte argitaratutako berrietan akatsak izan dira. Bata, jaioterria, berak zehaztuta ere hiriburura eramanda;  bestea, burutu behar duen lanaren mamian. Lehena erraza da: Lasarte-Oria, 1978. Bestea... Ea oraingoan asmatzen duen kazetariak. 

Musikaren barne klika
Etxean beti musika zegoela gogoan du, disko asko eta musika klasiko pila bat. Baita profesionalak izan gabe, gurasoen bizitzaren parte zela ere. "Amak koru batean abesten zuen eta aitak gaztea zenean mandolina jotzen zuen...". Txikitan gauzak probatzen hasi zen, judoa, pintura...baina ez zuen bat zetorkionik topatu musika-hizkuntzarekin hasi zen arte. "Segituan zerbaitek klika egin zuen eta 'Hau oso ni da' pentsatu nuen. Oso naturala egiten zitzaidan lengoaia musikala ulertzea, musika bat deszifratzea, partiturak idaztea... Nire lekuan sentitu nintzen". Irakasleak belarri ona zuela esan zion eta "neukana aprobetxatzeko" aholkua jarraituta, hurrengo urtean Donostiako kontserbatoriora joan zen.

Instrumentua aukeratzean gurasoek libre utzi zioten, tamaina mugatuta. "Lau anai-arreba gara eta gure etxea ez da oso handia. Amak esan zidan: 'Nahi duzuna, baina kontrabaxua, pianoa eta harpa, ez'. Etxean baziren biolin disko asko, Pablo Sarasate, Vivaldiren Lau urtaroak... Biolina asko entzuten nuen eta pentsatzen dut soinua asko gustatzen zitzaidala". 

"Oso naturala egiten zitzaidan lengoaia musikala ulertzea,  partiturak idaztea... Nire lekuan sentitu nintzen"

Orduan 9 urte zituen, eta ez zaio erabakia inoiz damutu. "Gustuko ez banu, izan ditut uzteko denbora eta aukerak (kar, kar)". Profesionalki aritzea eliteko kirola egitea bezala da, egunero-egunero aritzeko borondatea eskatzen du. Orain bere denboraren gehiena ematen badio ere; hasieran, ez horrenbeste. "Txikitan ez nuen, beste batzuek bezala, pila bat jotzen; pixka bat bakarrik klase aurretik. 12-15 urterekin ere praktikatzen nuen, baina beti justu, behar zena, eta listo. Ahalegin nahikoa egiten nuen gauzak ondo joateko eta beste gauza asko ere egiten nituen, lagunekin egon, asteburutan atera, eskalatu, mendira joan...". 

Elkartutako bi bide
Badaki ez dela propaganda onena, baina biolina gutxika joan zen bere tokia hartzen Suberbiolaren bizitzan, oso modu progresiboan. Unibertsitatera joateko unearekin batera aukeratzekoa ere heldu zitzaion, eta argi izan zuen musikari eutsi nahi ziola, eta, era berean, beste zerbait egin. Hala, Pedagogia eta musika goi ikasketak aldi berean egin zituen, eta egun, biak lotu ditu, jotzeaz gain, biolin irakaslea ere baita.

"Bi munduak asko gustatzen zaizkit. Azken urteetan apustu oso handia egin dut zuzenekora dedikatzeko. Orain dela hamar urte sortu nuen aupaQUARTET taldea eta horrekin birak egin ditugu Txinan, Brasilen, Europako herrialde askotan... Zuzenekoa oso garrantzitsua zait eta irakaskuntza ere. Oso gustuko dut partekatzea, trikimailutxoak irakastea... Uste dut, gainera, biolinaren kasuan behar handia dagoela".

Izan ere, instrumentu klasikoa izanik, askok halako musikara mugatzen dute. Biolinistak gogoan ditu kontserbatorioko irakasleekin zituen gatazkak. "Biolin klasikoa jotzen nuen kontserbatorioan, curriculumean hori bakarrik zegoelako; baina asteburuetan, Jalgin, adibidez, musika irlandarreko talde bat sortu genuen, Tabu Tabar... Sorkuntza eta fusioa, oso naturala izan zait beti". Zentzu horretan, egiteko lan asko dagoela uste du. Bere ikasleekin sormena lantzen du errekurtso gehiago eta beraien instrumentuarekin harreman hobea izan dezaten.;

Partitura hibridoa
Nolabait, bide guzti horiek bat egin dute Iñigo Muguruza ikerketa bekaren proposamenean. Newsletter "asko-askotan" harpidetuta dago lasarteoriatarra eta haietako baten bidez izan zuen deialdiaren berri. Berehala jabetu zen bai ala bai parte hartu behar zuela. "Oso nire koherentziakoa ikusi nuen. Iñigo Muguruzaren musika izan da 10-12 urte neuzkanetik etxean entzun dudana eta asteburuetan lagunekin dantzatzen nuena. Kortatu, Negu Gorriak, Delirium Tremens, Joxe Ripiau... Nire gaztaroaren identitatea dira!". Urriaren 20an Irungo Udalak ezagutarazi zuen bera zela aurten jaiotako egitasmoaren irabazlea. 

Muguruzaren lanean oinarrituta material didaktikoa osatuko du Suberbiolak. Irundarra parte izandako talde guztietako abesti esanguratsuenak aztertuko ditu: Zer egitura duten, zer harmonia akordeen eta graduen aldetik, erritmoari dagokionez zer zehaztasun... Eta horrekin, kanta bakoitzaren partitura malgu bat idatziko du; hau da, ohikoen zehaztapenaren eta jazz musikak erabiltzen duen sistemaren arteko hibrido bat, berak asmatua.

"Iñigo Muguruzaren musika izan da 10-12 urte neuzkanetik etxean entzun dudana eta asteburuetan lagunekin dantzatzen nuena"

"Partituren antzekoa da, baina ez da betikoa, alegia, dena idatzita dagoena. Dena idatzita dagoenean egin daitekeen gauza bakarra jotzea da. AEBtatik datorren jazz musikan ez dute dena idazten, baina abestiaren muina, bere nolakotasunak, adierazten dituzte, eta horrek ateak irekitzen dizkio [jotzeko] modu kreatiboago bati. Horrekin guztiarekin material malgu bat egingo dut, informazio mota ezberdina emango duena. Abesti horren esentzia edukiko du, baina ahalbidetuko du irakurketa ezberdin asko egitea". 

Askotariko profilentzat baliagarri izatea nahi du. "Uste dut erabiltzaileak oso desberdinak izango direla. Musikari profesionalak, ikasleak, irakasleak... edo liburua jaso duen norbait. Materialak malgua izan behar du errealitate anitzetatik ulergarria izateko eta instrumentu ezberdinekin interpretatu ahal izateko. Horrek hartuko du denbora gehien". Zortzi hilabete ditu bere buruari jarritako erronka gainditzeko. Emaitza Irungo Udalak editatuko duen liburu batean bilduko dute. Partiturez gain, haiek nola baliatu azaltzeko hitzaurre bat ere idatziko du. 

Muguruzatarren ondarea
Aztertzeko abestien lehen aukeraketa egin ondoren, Fermin eta Jabier Muguruza anaiekin kontrastatu nahi du, Kortatu eta Negu Gorriak garaian lehengoa izan zuen Iñigok aldamenean, eta Joxe Ripiaun, bigarrena. "Aukeraketaren parte izatea nahi dut, ekarpen edo aldaketaren bat egin nahi badute. Garrantzitsua da niretzat. Ez dadila [proiektua] nirea bakarrik izan, baizik, ahal den gehien, denona".  

Muguruzaren ibilbideari erreparatzea Euskal Herriko musika herrikoiaren bilakaera ezagutzeko modu bat ere bada Suberbiolaren esanetan. "Egon den taldeen musika aztertzen badugu, zuzenean musika herrikoiaren erradiografia bat lortzen dugu. Azkenean, 1980ko hamarkadan zer entzuten zen hemen batez ere? Punka eta rocka. Eta hori zer zen? Kortatu". Are gehiago, Euskal Herrian zer gertatu den eta ateak nola ireki diren ulertzeko modu bat ere badela dio, Muguruza familia musika berrien enbaxadore izan baita. Batetik, Irungo jendeak azaldu dionez, Londres edo Berlinetik diskoak ekarri eta tabernetan jartzen zituzten, hala,  talde pila ezagutaraziz. Bestetik, euren musikarekin. "Oso naturalki egin dute. Kortatuk Euskal Herrira ekarri du, adibidez, The Clashen musika, Negu Gorriakek, rap, hiphop, reggae eta soul musika. Ondoren talde gehiagok egin dute mestizaia hori, baina Negu Gorriak izan zen ate hori irekitzen lehena. Joxe Ripiauk zer ekarri zuen? Aire karibetarra. Eta hori ez da musika bakarrik, pentsatzeko modu bat ere bada". 

Zubiak eraiki
Ezagutza hori guztia belaunaldi berrien eskura jarri nahi du. "Nahiz eta 1980ko hamarkada beraientzat Historiaurrea den, garai horretako musika oso garrantzitsua izan zen. Musika klasikoa, Mozart eta Beethoven ezagutu behar duten bezala, uste dut Euskal Herriko musikari batek bai edo bai ezagutu behar duela zer den Negu Gorriak, Joxe Ripiau eta Kortatu".  Hortaz, Suberbiolaren proposamena musika herrikoia aldarrikatzeko bidea ere bada. "Ez dadila izan bigarren mailako musika, askotan jartzen den bezala; bestelako balio bat du. Klasikoa askotan oso landuta dago eta intelektualki oso urruti doa, baina, batzuetan, horrexegatik galtzen du publiko gazteenarekin konexioa. Aitortu behar zaio musika herrikoiari daukan balioa". 

Eta  ildo horretatik, belaunaldi arteko zubi gisa irudikatu nahi du bere lana. "Segituan imajinatu nuen oso erraza dela 10-15 urteko musikariak etxean Kortaturen abesti bat jotzen hastean bere gurasoek erreakzionatzea, sentimendu politak piztea eta gurasoek abesti horri lotutako anekdotak kontatzea. Konexio puntu hori oso polita da"