Urteko hamahirugarren udalbatzarra egin dute ostegun arratsaldean

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 14a, 13:20

Hasiera batean 11 puntua aurreikusi dituzte eztabaidarako, baina hamabi izan dira azkenean, Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdiaren mozio bat urgentziaz gai ordenan gehitzea erabaki baitute

Ostegun arratsaldea egin dute azaroko ohiko udalbatzarra. Arratsaldeko 18:30ean eman diote hasiera saioari, eta gai ordenako lehenengo sei puntuak azkar landu dituzte. Zazpigarrenetik aurrera sortu dira eztabaida zabalgoak.

2020ko ekainaren 11n, uztailaren 9an eta uztailaren 17an ospatutako akten onarpenarekin ekin diote udalbatzarrari, eta inolako eztabaidarik gabe, aho batez onartu dute.

Udal talde sozialistaren informazio batzordeetako kideen izendapena landu dute gero. Puntu horretan, Agustin Valdivia alkateak azaldu du Ogasuneko batzordeetatik kanpo geratuko dela hemendik aurrera; ordezko gisa egongo dela. Eta azalpen gehiagorik gabe, hirugarren puntura igaro dira.

2019. urteko ekitaldiari dagokion Aurrekontuaren Kontu Orokorraren onarpena jarri dute mahai gainean eta zuzenean bozkatu egin dute gaia. PSE-EEk, EAJ-PNVk eta ELOPek (Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos) alde bozkatu dute eta EH Bildu, berriz, abstenitu egin da. Hortaz, aldeko hamahiru bozkekin eta lau abstentziorekin, aurrera egin du gaiak.

Laugarren puntuan, alkateari Zabaleta Berri etxebizitzen harrera sinatzeko baimenaz aritu dira. Inolako alderdik ez du azalpenik eman, eta zuzenean bozketa egin dute. PSE-EEk eta EAJk gaiaren aldeko bozka eman dute, eta EH Bildu eta ELOP, berriz, abstenitu egin dira. Gai horrek ere aurrera egin du.

2021eko ekitaldirako taxiaren hiri-tarifak onartzeaz jardun dira gai ordenako bosgarren puntuan. Alderdi guztiak ados agertu dira gaiarekin eta aho batez onartu dute.

Basaundi bailarako eraikinak birgaitzeko laguntzen oinarriak aldatzea eztabaidatu da seigarren puntuan. Zuzenean bozketa egin dute eta PSE-EEren, EH Bilduren eta ELOPen aldeko 14 bozkekin aurrera egin du gaiak. EAJ-PNV abstenitu egin da.

Zazpigarren puntutik aurrera eztabaida zabalagoak 

Udalak Euskal Autonomia Erkidegoan hiria berroneratzeko eta eko-eraginkortasunaren, suteen aurkako segurtasunaren eta irisgarritasunaren arloan birgaitzeko lankidetza-hitzarmenari atxikitzeko protokoloaren inguruan eztabaidatu dute zazpigarren puntuan, eta bozkari ekin aurretik, EH Bilduko Jon Martinek bere alderdiaren ikuspuntua agertu du.

Orain arteko birgaitze proiektuekin bat egin dutela nabarmendu du, gogoraraziz, oraina arte planteatu diren ekimenak babestu dituztela. Zazpigarren puntu horretan planteatzen den protokolo horrekin, ordea, ezin dutela bat egin gaineratu du, proposatzen duten birgaitze eredu publiko-pribatua EH Bilduk sustatzen duen ereduaren aurkakoa delako, "erabat": "Eredu guztiz publikoaren alde egiten dugu guk, baita auzoak eraberritzeko ere". Arrazoi horiek kontuan izanda ezezko bozka emango dutela aurreratu du.

Beste alderdiek ez dute inolako azalpenik egin nahi izan, eta bozkari ekin diote jarraian. PSE-EEren aldeko zortzi bozkekin, eta EAJ-PNV zein ELOPen bost abstentziorekin aurrera egin du lankidetza hitzarmenak. EH Bilduk aurka bozkatu du.

Zortzigarren puntua, berriz, mahai gainean uztea erabaki duela azaldu du Agustin Valdivia alkateak udalbatzarrari hasiera eman eta berehala. Hortaz, gai horri salto egin eta bederatzigarrenari eutsi diote.

Hondakinen gaia landu dute. Hondakinen edukiontziei buruzko herri-kontsulta egiteko dataren proposamena landu dute, hain zuzen ere 2021eko apirilaren 25a proposatu dute galdeketa hori egiteko data gisa.

Bozka egin aurretik, EAJ-PNVko Boris Nogalesek hartu du hitza. Azaldu du herri galdeketaren gaia nahi baino gehiago luzatu den arren, proposatutako datari ez diotela eragozpenik jarriko. Harridura ere agertu du: "Batzordean pasa zitzaigun informazioan jartzen du, herri galdeketa hori egiteko baieztapena daukagula ekainetik, eta batzordera arazoan ekarri zaigu; uste dugu gauzak azkarrago egin daitezkeela".

Eta hemendik aurrera emango diren pausuekiko kezka bat ere helarazi dio udal gobernu taldeari. Esan du herri-kontsulta horri begira egingo diren kontzientziazioa, informazio zabaltzea eta hausnarketa edo balorazioa herritarrekin nola egingo diren kezkatzen duela. 

Nogalesen adierazpenak amaituta, bozketa egin dute, eta PSE-EEren aldeko 11 bozkekin eta EH Bilduren, EAJ-PNVren zein ELOPen sei abstentziorekin onartuta geratu da herri galdeketa egiteko data.

Bozka azalpenaren tartean EH Bilduko Uxue Loinazek hartu du hitza eta abstentzioaren zergatiak azaldu ditu. Esan du bere alderdiarentzat arazo nagusia birziklapen tasa baxua dela eta horri heldu behar zaiola lehentsunez, irtenbideak emateko neurri zuzentzaileak aplikatuz.  Gaineratu du hondakinen edukiontzien kokapenaren erabakiarekin ez zaiola arazoari errotik helduko. 

EH Bilduren mozioa, hamargarren puntuan

Ostalaritzaren sektorea bizitzen ari den egoera zaila ekarri du Loinazek eztabaidara. Mozioa azaltzen hasi aurretik, elkartasun osoa adierazi dio herriko ostalaritzari eta bertako langile guztiei.

Sektorea bizitzen ari den egoera kontuan hartuta, horri zuzendutako babes eta suspertze neurriak proposatzea eta aplikatzea "ezinbestekoa" ikusten du bere alderdiak. Gogorarazi du Lasarte-Orian sektore ekonomiko behinena bigarren sektorea dela, eta hori kontuan hartuz, pandemia egoerak sortu dizkien gabezia eta arazoei aurre egiteko babes eta suspertze neurriak aplikatu behar direla nabarmendu du. 

Hori kontuan hartuta, lau eskaera egin dizkie EH Bildun gainerako alderdi politikoei:

  1. Irisgarritasun unibertsaleko arauak aldi baterako berrikustea, gure kale eta plazetan "fatxadari itsatsitako" terrazak sartzea errazteko.
  2. Obra lizentzia emateko eta jarduera aldatzeko prozesuak azkartzea, establezimenduak normaltasun berrira egokitzeko. 
  3. Jarduera-lizentziak: jarduera lizentzien iraungipena aldi baterako etetea.
  4. Sektoreko lan-mahaia osatzea, inplikatutako agenteekin: Udal Gobernua, alderdi politikoak, eragile sindikalak eta herriko ostalariekin. 

Mozioa aurkeztuta eta bozketari hasiera eman baino lehen, ELOPeko David Aresek eskatu du hitza. Azaldu du EH Bilduk mozioan eskatzen dituen neurriak "arrazoizkoak eta oso aproposak" direla. EH Bilduren azalpenarekin bat eginik, gaineratu du ostalaritzaren sektorea babesteko ahalegin osoa egin beharko lukeela udalak, horretarako berehalako ezohiko neurriak hartuz, besteak beste. EH Bilduren mozioko laugarren puntuari ere egin dio erreferentzia Aresek, uste baitu egora honetan oso lagungarria izango dela agente ezberdinekin osatuta emergentzia mahai bat osatzea.

Aresen hitzartzea amaituta, EAJko Jon Antxordokik hartu du hitza, eta azaldu du, EH Bilduk mozioan bildutako lau puntu horietako bakar bat ere ez dutela egikaritzeko moduan ikusten. Hitzartzea amaitu aurretik, azaldu du gainerako alderdiek bezala eurak ere ostalariei laguntzeko beharra ikusten dutela eta badutela horretarako "gogoa" ere bai, baina mozio horretan biltzen diren puntuekin laguntzarik eman ezin daitekeela esanaz amaitu du azalpena. 

Bozketa egin dute gero. PSE-EE eta EAJ abstenitu egin dira eta EH Bilduk eta ELOPk, berriz, aldeko bozka eman dute. Hori kontuan hartuta, aurrera egin du EH Bilduren mozioak. 

Hurrengo gaiari heldu aurretik, PSE-EEko Zerbitzuetako zinegotzi David Mateosek, bere alderdiaren abstentzioaren zergatia azaldu du. Esan du EH Bilduren mozioa "bitxia" iruditu zaiela, eta bat egiten dutela ostalaritza lagundu behar dela esaten dutenean. Horrekin batera, jakinarazi die gainerako alderdiei ostiralean bilera batean biltzeko hitzordua zuela alkateak, eta bertan landutakoak gainerako alderdiei ere jakinaraziko zaizkiela.

Hamaikagarren puntua, gai ordenan aurreikusi gabea

ELOPek gai ordenatik kanpo geratu den gai bat lantzeko urgentziazko eskaera egin die udalbatzarreko gainerako taldeei. Azaroaren 25a, Indarkeria matxistaren aurkako egunari zuzendutako mozioa lantzeko eskaera egin du Aresek. Azaldu du hilabete honetako udalbatzarrean landu ezean, abendukoan lantzean ez lukeela inongo zentzurik izango. Gaineratu du baita ere gustatuko litzaiekeela gaia denbora gehiagorekin eta beste egoera batean landu izana udalbatzarrera urgentziaz ekarri baino, baina azken bi hilabeteetan gizarte zerbitzuetako batzorderik egon ez dela kontuan hartuta (bertan lantzen dituzte gisa horretako gaiak) ostegun honetako saiora ekartzea ikusi dutela egokiena. 

Hori azalduta, gai ordenean sartzeko premia bozkatu dute lehenik. Alderdi guztiek egoki ikusi dute, eta aho batez onartu dute mozioa lantzea.

Horren ostean, Tania Rodriguez ELOPeko zinegotziak eman du mozioaren berri. Zenbait datu emanaz hasi du hitzartzea. Azpimarratu du, besteak beste, COVI-19ak sortutako krisi sozial eta ekonomikoak agerian uzten dituela, berriz ere, emakumeei bizitza duin eta segururik eskaintzen ez dien sistema bati eusten dioten genero desberdintasunak. "Konfinamendu egoerak, mugikortasun mugek eta koronabirusari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioek, indarkeria matxista areagotu dute". Nabarmendu du baita ere COVID-19ak sortutako pandemiak gizarteko esparru guztietan dauden genero arrakalak nabariago egin dituela. 

Honako eskaera egin dio ELOPek udalbatzarrari: 

Horrela, azaroaren 25ean Lasarte-Oriako Udalak berretsi egiten du emakume, haur, nerabe, gazte eta heldu guztien eskubide eta askatasunekiko dugun konpromisoa eta lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartzea, helburu hauek betetzeko:

  1. Euskadin indarkeria matxistarik gabeko bizitza baten eta berdintasunaren aldeko lege berri bat onartzeko lanen laguntza, hain zuzen ere, emakumeen, biktimen, biziraun dutenen eta mugimendu feministaren proposamenak, eskaerak eta aurrerapenak aintzat hartuta.
  2. Indarkeria matxisten aurkako  Euskal Itun bat onartzeko lanean laguntzea, betiere, modu parte-hartzailean eraikia Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin, erakunde eta eragile sozialekin, administrazioarekin eta gizarte zibilarekin batera, hain zuzen ere indarkeria matxistaren biktimen erabateko babesa bermatzeko eta indarkeriaren erreparazioa, justizia, memoria eta prebentziorako politika eraginkorrak bultzatzeko. 
  3. Genero ikuspegia duten aurrekontuak sustatzea erakundeetan eta berdintasun aktiboko politika integralak eta parte-hartzaileak garatzera bideratutako giza baliabide eta baliabide ekonomikoa espezifikoak areagotzea erakunde guztietan.
  4. Euskadiko udalerri guztiek indarkeria matxistako biktimen arreta eta babeserako protokolo bat duela sustatzea.
  5. Herritarrei arreta zuzena ematen dieten erakunde publikoetako profesionalen prestakuntzarako eta espezialitaterako neurriak sustatzea, aurrera hartzeko eta hautemateko, herritarrei arreta egokia eta kalitatezkoa emateko, berriro biktimizatzea saihestuz, eskubide guztietarako sarbidea ziurtatzea eta arreta eta babes eraginkorreko protokoloak eta neurri guztiak abian jartzea.
  6. Neurriak jasotzen dituzten proposamenak sortzea, haurrak eta nerabeak indarkeria matxistaren biktima gisa aitortuak eta babestuak izan daitezen, etxebizitzaren esparruan gertatzen direnean.
  7. Udaltzaingoen eta Ertzaintzaren eta Justizia Administrazioaren arteko koordinazio-protokoloak berrikus daitezen sustatzea, irizpideak bateratzeko eta administrazioaren jarduerak hobetzeko indarkeria matxisten arretan.
  8. Biktimei arreta emateko sare publikoa indartzea, zuzeneko arretako, harrerako eta indarkeriari arreta emateko telefonoko zerbitzuak barneratuz, enplegu duinak ahalbidetzeko, indarkeria matxistaren biktimei arreta, informazio eta laguntza ona emateko lehen urrats gisa.
  9. Egungo testuingururako kontzientziazio eta informazio kanpaina espezifikoak garatzea eta horietan sakontea, indarkeria jasaten duten emakumeen hurbileko inguruneak inplikatuz, babesa eman diezaieten eta egoera dagokien administrazioei jakinarazi diezaieten.
  10. Mugimendu feministaren aldetik egun horretarako aurreikusi diren ekintzetan parte hartzera gonbidatzea.

Mozioa irakurri ostean, bozketa egin dute. Alderdi guztiek bat egin dute ELOPek proposatutakoarekin, eta aho batez onartuta geratu da.

Galdera eta erreguen tartean ere hainbat galdera eta erregu luzatu dizkiote alderdi ezberdinek udal gobernu taldeari.