Michelinentzat lan egiten duen Lasarte-Oriako Ferrovial Servicios enpresako langileek akordioa erdietsi dute hilabeteko borrokaren ondoren. LAB sindikatuak prentsa ohar batean adierazi duenez, asteotan zenbait mobilizazio egin dituzte eta zortzi egunetan "erabateko jarraipena" izan dute lanuzteak.
Grebari jarritako helburua lortu dute langileek. Bi urtetarako ituna sinatu dute eta Gipuzkoako Hitzarmena ezartzeaz gain, edukia hobetu egin dute; besteak beste, soldata igoera handiagoak adostuta (KPI+1 eta KPI+0,5).
Horrez gain, LABek euren eskubideak defendatzeko antolatzera deitu ditu azpikontratetako langileak. "Multinazionalen lanak azpikontratatzeko apustuaren aurrean, langileei antolatzea beste aukerarik ez zaie gelditzen euren baldintzak duintzeko".