Alkainek TXINTXARRI-ri azaldu dionez, irakurketa txoko bat egin nahi dute, haurrekin eta euren ahaideekin, eskolaz kanpo ere literaturari tarte bat eskaintzeko, plazeretik. "Ederki pasako dugu, familia giroan eta modu goxoan, egitasmoaren izenak adierazten duen bezala, hizkiei hozka eginez: irakurtzeaz gain, jolasak eta bestelako jarduerak egingo ditugu saioetan: dantzatu, irakurritakoari buruz hausnartu, noizbehinka bakarka irakurtzeko tartea eman, eta abar". Istorioei garrantzia emango diete Hizki Hozka egitasmoan, baina atzetik datorren prozesu guztiari ere bai.
Alkainek zehaztu du ikus-entzuleen adinera egokitutako literatura piezak eramango dituela Hizki Hozka-ren saioetara: poesia-liburuak, album ilustratuak, komikiak, eta beste genero batzuetako lanak ere bai. Den-dena ez da irakurtzea izango, ordea: "Istorio berriak sortzeko tartea emango diet parte hartzaileei, sormenari irekitzeko bide bat emanez eta jolastuz".
Irakurle txoko moduko bat egitea da asmoa, haurrekin eta euren ahaideekin, eskolaz kanpo ere literaturari tarte bat eskaintzeko, plazeretik
Lau saio, ostegunetan
Lau saio egingo dituzte hemendik eta urtea amaitu bitartean, ostegunetan beti: azaroaren 26an eta abenduaren 3an, 10ean eta 17an. Ttakunenea elkartean bilduko dira, eta gehienez hamar familiak parte hartu ahalko dute, pandemiaren egoeragatik bete beharreko neurriak tarteko.
Artikulu hau irakurrita Hizki hozka egitasmoan izena emateko interesa duzuenok, adi egon, datozen egunetan jakinaraziko baitu Ttakun KEk zein izango den apuntatu ahal izateko egin beharreko bidea. Bien bitartean, norbaitek egitasmoari buruzko informazio gehiago nahiko balu, deitu dezake 695 78 53 92 telefono zenbakira edo mezu elektroniko bat idatzi eta aisia@ttakun.eus helbidera bidali.