Korrikalari afizionatuek entrenatzea besterik ez dute

Nerea Eizagirre 2020ko aza. 13a, 10:30
Maite Salazar 2019. urteko Lasarte-Oria bai! kroseko helmugara iristen.

Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia, Behobia-Donostia, Donostiako maratoia... Herriko korrikalariek  udazkeneko denboraldi betean egongo lirateke oraintxe; COVID-19aren pandemiak eraginda, ordea, hitzordu garrantzitsu gehienak bertan behera geratu dira eta korrikalariek entrenatzea besterik ez dute. Raul Gomez Margallo, Gorka Gil eta Maite Salazarrekin hitz egin dugu euren egoerari buruz jakiteko

Pandemia hasi zenetik, korrikalari afizionatuek lasterketa gutxi batzuk izan dituzte euren lehia nahia asetzeko. 

Azaroaren 8an, esate baterako, Donostia-Behobia jokatu behar zen. Hirurei ez zien harritu proba bertan behera geratzea.

"Lasterketa asko eta asko bertan behera geratzen ari zirenez, Behobiarenak ere ez ninduen harritu, oso lasterketa jendetsua baita. Egia esan pena izan da, urteroko zita izaten baita", aipatu du Maite Salazarrek. Hala ere, pena handiagoa eman dio herriko Lasarte-Oria Bai! krosean ezin parte hartzea.

"Behobiak baino pena handiagoa eman dit herrian Ostadarrek antolatzen duen krosa ez ospatzeak, herritarrontzat egun berezia izaten da eta".
Gorka Gilek beheraldi animikoa izan zuela onartu du. "Behobia bertan behera geratzen zela esan zutenean, probari buruz gehiago jakin nahi ez nuela erabaki nuen". 

Horrek, Behobia-Donostia birtualean ez parte hartzeak ere ekarri zuen bere kasuan. Baina ez da bakarra izan proba  egin ez duena; hiruretako inork ez du parte hartu. 

"Simulazio bat da eta proba horrek duen xarma galtzen du. Behobia-Donostiako giroa bizi behar da", nabarmendu du Gomez Margallok.

Proba bakarra

2020. urtean martxoan, itxialdia baino lehen lasterketak egin zituzten hirurek. 

"Kirol proba ligako hainbat probatan parte hartu eta sailkapeneko lehen postuetan jarri ginen", adierazi du Gomez Margallok. Salazarrek berriz, Lilatoian parte hartu zuen. 

Ostean, ordea, Salazarrek ez du lasterketarik egin. "Urria eta azaroa lasterketa herrikoi askoko hilabetea izan ohi da eta aurten horiek sortzen didaten urduritasun eta emozio puntuaren falta sumatu dut".

Gainera, aurten helburu berezirik ez zuela ere adierazi digu. " Ez nuen helburu berezirik eta momentuz ez diot nire buruari erronkarik jarriko".
Gomez Margallok eta Gilek, irailaren 17an, Ordiziako Josetxo Imaz oroimenezkoan hilabetetako harra hil ahal izan zuten. 

"Gogo asko genituen lasterketa batean parte hartzeko. Egia esan, beldurrarekin edo atera ginen. Ez genekien zein egoeratan ginen eta mantxo hasi ginen. Eta lasterketa aurrera joan ahala, hobeto sentitu ginen eta ongi amaitu genuen", azaldu du Gilek. 

Gomez Margallo hamargarren izan zen eta Gil, ordea, hogeigarren. "Oso marka onak egin genituen. Gure markarik onenak, esango nuke", nabarmendu du Gomez Margallok. "Hasieran erritmo biziagoan joan izan bagina, izugarrizko markak egingo genituzke", atxiki du Gilek. 

COVID-19aren aurkako neurriak kontuan izanik, Ordiziako proba oso ondo antolatua zegoela adierazi digute. 

"Tenperatura hartu ziguten guztioi hasieran, bakoitzak bere lekua zuen irteeran, metroko tartea zegoen bata eta bestearen artean eta taldeka atera ginen.  Parte-hartzaile kopurua murriztu zuten eta 300 pertsona izan ginen. Taldeak 50 pertsonekoak ziren", aipatu du Gilek.

"Entrenatzean musukoarekin egon ginen eta irteera puntuan atera baino minutu bat lehenago kendu genituen. Lasterketan gero, distantziak mantentzearena ez zen hain erraza. Helmugara iristean beste musuko bat ematen zizuten jartzeko", azaldu du Gomez Margallok.

Lasterketa horren ostean, gehiago egotea espero zuten arren, pandemiaren garapenak ez du posible egin. Duela bi aste, esate baterako, Debako proban izena eman zuen bikoteak baina ezin izan dute proba bertan behera geratu zelako.

Korrika egitea gustuko

Hiru herritarrek lasterka egitea dute gogoko. "Korrika egitea gustuko dut eta intentsitate ezberdinarekin bada ere, ahal dudan bitartean jarraituko dut", adierazi du Salazarrek. 

Gomez Margallok eta Gilek, ordea, onartu dute korrika egitea baino, lehia dutela gustuko.

"Eskutik ihes egin digun zaletasuna da. Lehen postuetan ginela ikusi eta horrek lehiatzeko gogo gehiago eman zigun", adierazi du Gomez Margallok.

"Guk gustuko duguna lehiatzea da. Entrenamenduak lasterketa egitearen alde txarra dira. Guk ongi korrika egin ahal izateko entrenatzen dugu. Gogor entrenatzeak lehian du isla", adierazi du Gilek.

Gorka Gil eta Raul Gomez Margallo, irudian eskuinean, 2019. urteko Amarako krosean. Arg.: J. Zatarain.

Entrenamenduak

Hala ere, egoerak entrenamenduak egitera bakarrik ahalbideratzen ditu eta lehiaketa ezarengatik, entrenamenduen intentsitatea jaitsi dutela onartu dute hirurek.

"Gutxiago entrenatzen dugu. Ez dugu astebururo lasterketarik egin behar, ez gara mugitu behar lasterketak prestatzeko. Lasaiago gaude. Nik txandaka egiten ditut entrenamenduak, egun bat bai, bestea ez. Hala ere, igandeetan elkarrekin geratzen gara Gorka eta biok eta orduan lasterketa simulakroak egiten ditugu. Ohitura ez galtzeko", onartu du Gomez Margallok.

"Mantentzeko adina egiten dut, gustuko dudalako egiten dut. Lasterketarik ez dagoenez, gure artean egiten dugu lehia", atxiki du Gilek.
Salazarrek Donostiako talde batekin egin ohi ditu entrenamendu saioak, baina azken aldian ez da hiriburura gerturako saioak egiteko. 

Hala ere, entrenatzaileak prestatutako taula bat du eta taula bere kabuz jarraitzea erabaki duela aitortu du. "Bakarrik egiten ditut entrenamenduak. Lasterketak ez daudenez, motibazioa ez da horrenbestekoa eta ondorioz intentsitatea ere jaitsi dut. Hori bai, ez diot korrika egiteari utzi, beste modu batera hartzen eta gozatzen ditut orain entrenamenduak".

Itxialdian ere forma mantentzen saiatu zela jakitera eman digu. "Itxialdian bizikleta egin dut asko, etxean rodilloarekin. Eta aplikazio eta bideo bidezko entrenamentuak".

Gomez Margallok eta Gilek, ordea, itxialdian nolabaiteko atsedena izan zutela onartu dute.

"Nik ahoa itxi nuen, kilorik ez hartzeko. Gehien kosta zitzaidana hori izan zen. Azkenean, etxean egon ginen hilabeteetan kilo bakarra hartu nuen, baina ongi jaten saiatzen nintzen. Korrikarik edo horrelakorik ez nuen egin", onartu du Gilek.

"Zinta batzuk erostekotan egon ginen, baina azkenean makina hori sartzeko lekua behar duzu eta gero alde batera uzten duzu eta traste bat bihurtzen da. Ni etxean egon nintzen, eskailerak igo eta jaitsi. Baina korrikarik ezer. Ni naizenerako, deskantsatzen egon nintzela esan daiteke", adierazi du Gomez Margallok.

Jarduera eza horrek Gilen egoera fisikoan eragina izan zuela ere jakitera eman digu. "Konfinamenduaren arintzean, korrika atera nintzen lehen egunean min hartu nuen eta  beste bi aste egon behar izan nintzen geldirik".

Egungo neurriak

Azaroaren 6ko dekretuak kirol jardunean eragina izan du. Korrikalarien kasuan, herrigunean musukoa eraman beharko dute.

Salazarrek neurri berriek bizitzako beste arloetan bezala bere eguneroko kirol jardunean eragina izan duela aitortu digu. "Azken asteko neurriengatik bereziki herri gunetik aparte korrika egiten saiatzen naiz, mendi aldean ere lehen baino gehiago egiten dut korri. Musukoarekin korrika egitea ez dut uste ona denik, beraz jende gutxi dabilen leku eta orduetan entrenatzen saiatuko naiz".

"Nik ez ditut hedabideak asko jarraitzen eta nire ingurukoek esaten didate zer egin ahal dudan. 'Orain ezin duzu korrika egin. Musukoa eraman behar duzu...'. Azken neurri horrek ere zalantzak sortzen ditu, non dago gurean hirigunea eta landa eremuaren arteko bereizketa. Ni gaur Zubieta aldean ibili naiz eta herri eremura iristen jantzi dut", adierazi du Gomez Margallok. 

Gilek musukoaren erabilera beharrezkoa jartzen badute argi du etxean geratuko dela. "Nik musukoarekin korrika ez dudala egingo argi dut. Beraz, guztiz behartzen badute, etxean geratuko naiz berriro".

Neurriak gogortu ezean, lehiaketen denboraldiaren zain, entrenatzea besterik ez dute hiru herritarrek.

"Lasterketaren bat antolatzen badute prest egon behar gara. Baina udaberrira arte gutxienez lasterketarik ez dela izango uste dugu", aitortu du Gomez Margallok. "Eta galtzen dugun beste urte bat da. Adinarekin ari gara borrokan", atxiki du barre artean.

"Motibazioa dugu. Gazteekin borrokatzen gara eta ez diegu erraz jartzen. Horrek ere laguntzen du", aipatu du Gilek.

Salazarrek, berriz, argi du egoeraren garapenak baldintzatuko duela lehiaketen antolamendua. Hala ere, hasten direnean parte hartzeko prest agertu da. "Egoerak zein garapen duen ikusi behar. Baina lasterketak hasten direnean gustura hartuko dut parte proba horietan!".