EUSKARALDIA 2020

Erronkametroek gora egin dezakete oraindik

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 13a, 06:30

Ttakun KEko lehendakari Mari Karmen Ormazabal eta Lasarte-Oriako Udaleko Euskara batzordeburu Jon Antxordoki.

Astebete falta da Euskaraldiaren bigarren edizioa hasteko, eta ahobizi edo belarriprest rolak hartzeko aukera irekita dago oraindik. Izena emateko bide ugari dituzte herritarrek; gaur-gaurkoz erronkametroek adierazten dituzten zifrak igo egin daitezke, beraz: 1.051 ahobizi eta 356 belarriprest animatu dira orain arte hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa soziala egitera.

Azaroaren 20an hasiko da Euskaraldiaren bigarren edizioa, ostiralarekin. Hizkuntza-ohiturak astinduko ditugu beste behin, abenduaren 4ra arte. Lasarte-Orian makina bat jendek parte hartuko du ekimenean. Lasarte-Oriako Udaleko Euskara batzordeburu Jon Antxordoki eta Ttakun Kultur Elkarteko lehendakari Mari Karmen Ormazabalek erakutsi dituzten erronkametroek diotenez, gaur-gaurkoz 1.407 herritar animatu dira parte hartzera: ahobizi rola aukeratu dute gehienek, 1.051 pertsonak, eta beste 356 belarriprest izango dira.  Izen-ematea ez dago itxita oraindik eta erronkametroak are gorago igo daitezke gaurtik eta azaroaren 19ra arte, Euskaraldia hasi eta bezperara arte.

Izena emateko aukerak

1523. zenbakiare  orri artean topatuko duzuen diptikoa bete eta herrian sakabanatuta dauden puntu finkoetan dauden kutxan sar dezakezue. Izena emateko moduetako bat da hori. Beste bat da aurten udalak eta Ttakun KEk martxan jarri duten egitasmo berritzailea, IGUNE ibiltariarena: herriko hainbat puntutan topatuko duzuen bizikleta bat da. Kultur etxean, Maialen Chourraut kiroldegian, asteazkenetan Andatza plazan egiten den azokan, Okendo plazan eta Euskotren geltokian topatuko duzue, egun eta ordu jakin batzuetan. Azken eguna, esan bezala, azaroaren 19a izango da, osteguna. 

Internet bidez izena ematea ere aukeretako bat da. Mugikorra edo ordenagailua piztu ostean esteka honetan klik egin behar da. Mugikorretik izena emateko beste modu bat da QR kodeak irakutzeko aplikazio batekin eskaneatu eta datuak betetzea. Egun gutxi batzuk ez dira falta hizkuntza-ohiturei beste astinaldi bat emateko. Anima zaitez eta parte hartu!

Erlazionatuak