COVID-19

Zortzi kutsatze atzeman dituzte Lasarte-Orian asteazkenean

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 12a, 14:57

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuen arabera, Lasarte-Orian zortzi kutsatze atzeman dituzte asteazkenean. Hilabetea hasi zenetik 150 positibo detektatu dituzte gure herrian.  

Beterri-Buruntza eskualdeko sei udalerrietan 45 kasu zenbatu dituzte asteazkenean, Lasarte-Oriako hemeretziak barne. Grafika honetan kontsulta daiteke azaroko kutsatze kopuruaren bilakaera, egunez egun eta herriz herri:

Andoainek, Astigarragak, Hernanik, Lasarte-Oriak, Urnietak eta Usurbilek gune gorrian jarraitzen dute, azken hamalau egunetan 500 kasu baino gehiago dituztelako 100.000 biztanleko. Adierazle hori erabiltzen ari da Osasun Saila herriz herriko datu epidemiologikoak ematerakoan, 5.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietan.

EAEko hiru lurralde historikoetan 1.409 positibo atzeman dituzte asteazkenean, horietatik 601 Gipuzkoan. Kutsatzeak atzemateko PCR probak eta antigenoen test azkarrak egiten ari dira Osakidetzako langileak; atzo 13.346 eta 2.902 egin zituzten, hurrenez hurren. Positibitate tasa %8,6koa izan da azaroaren 11n. 

Osakidetzak dituen zentroetan 496 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik, horietatik 132 ZIU Zainketa Intentsiboko Unitateetan. R0 edo birusaren oinarrizko birsorkuntza tasa 1,03koa da EAEn eta hiru ehuneko baxuagoa Gipuzkoan.