Kirol taldeen jarduna hamabost egunez etenda

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 12a, 14:30

COVID-19aren aurkako azken dekretuak, Lasarte-Oriako kirol taldeen jarduna ia guztiz gelditu du

Azaroaren 6ko dekretuaren arabera, ezin dira taldeko kirol jarduera ez profesionalak egin. Lasarte-Oriako kirol elkarte gehienek euren jarduna etengo dute. 

Kirol elkarteek jakitera eman dutenez, Kirol Zerbitzuetako kideak eurekin jarri dira harremanetan entrenamenduak eteteko. Texas Lasartearra, Buruntzazpi txirrindularitza eskola edo Beltzak Errugbi taldeak dagoeneko ez zuten saiorik egiten, beraz, Ostadar SKT, LOKE, Intza eta Buruntzaldea IKTko kirolariei eragiten die neurri berriak.

Talde gehienek euren kirolariei etxean edo euren kabuz lan egiteko gomendioa egin diete eta kirol jardueran zehar beharrezkoa denean musukoak jantzita eramatea.

Esaterako, Intza KEko prestatzaile Joxe Felix Solanok aipatu digunez, pilotalekura banaka joateko gomendioa egin die pilotariei. "Ez dakigu zenbat iraungo duen etenaldiak eta eskuak mantentzeko beharrezkoa izango dute, batez ere, bigarren mailako seniorrek. Euren txapelketako bi jardunaldi geratzen dira eta sailkapenean buru dira". 

Ostadar Ipar martxako kideek jakitera eman dutenez, hilabete honetan aurreikusiak zituzten ikastaroak ere bertan behera utziko dituzte.

Kirol taldeek entrenamenduak berriro hasteko baimena dutenean jarraitzeko asmoa agertu dute.