Beterri-Buruntza eskualdeko sei udalerrietan 64 kasu zenbatu dituzte asteartean, Lasarte-Oriako hemeretziak barne. Grafika honetan kontsulta daiteke azaroko kutsatze kopuruaren bilakaera, egunez egun eta herriz herri:
Andoainek, Astigarragak, Hernanik, Lasarte-Oriak, Urnietak eta Usurbilek gune gorrian jarraitzen dute, azken hamalau egunetan 500 kasu baino gehiago dituztelako 100.000 biztanleko. Adierazle hori erabiltzen ari da Osasun Saila herriz herriko datu epidemiologikoak ematerakoan, 5.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietan.
EAEko hiru lurralde historikoetan 1.401 kutsatze atzeman dituzte, horietatik 569 Gipuzkoan. Positiboak hautemateko PCR probak eta antigenoen test azkarrak erabiltzen dituzte Osakidetzako langileek. Bi proba horien positibitate tasa jaitsi egin da eta %7,8koa izan da asteartean –bezperan, %9,3koa–.