Lore eskaintza, Memoriaren Egunean

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 10a, 17:00

Memoriaren Egunarekin bat eginik, ekitaldi bat egin du Lasarte-Oriako Udalak. "Terrorismoaren eta motibazio politikoko beste edozein motatako indarkeriaren biktimak" izan dituzte gogoan ekitaldian bildutako udal alderdi guztietako ordezkariek. 

Eguraldi goibelak zapuztu du gaur eguerdian Askatasunaren parkean egin beharreko ekitaldia. Sekulako euri jasa bota du 12:00etan, eta, hortaz, udaletxe zaharraren atarira lekualdatu dute oroimen ekitaldia.

Ekitaldi xume bat egin dute bertan bildutako alderdi politiko guztietako ordezkariek. Adierazpen bateratu bat irakurri du lehenik Agustin Valdivia alkateak, eta bost minutuko isilunea egin dute gero. Hori amaituta, arrosa zuri bana hartu du ordezkari politiko bakoitzak, eta lore eskaintza egin dute.

"Terrorismoaren eta motibazio politikoko beste edozein motatako indarkeriaren biktimak" izan dituzte gogoan, "ahanzturan eror ez daitezen". Horrekin batera, egiarako, justiziarako, erreparaziorako eta errekonozimendurako eskubidearen aldeko lanean jarraitzeko konpromisoa agertu dute, baita berriz ez errepikatzearen alde lan egitekoa ere.

Iraganeko akatsak ahazten dituen gizarteak akats horiek berriro errepikatzeko arriskua duela azaldu du alkateak adierazpena irakurri bitartean, horregatik, Lasarte-Oriako Udaletik, bere baitan sortutako Bizikidetza Mahaiaren eta herritar taldearen lanen aldeko apustua egiten jarraituko dutela azpimarratu du: "Beharrezkoa den lan bat egiten segitzen dute, diskrezioz, baina modu jarraituan". Bide batez, Lasarte-Orian memoria-politika bat lantzen eta sakontzen jarraitzeko hartua duten konpromisoa berretsi dute, "beren duintasuna urratu zieten biktima guztiei errekonozimendua eta erreparazioa sustatzeko, bai eta bidegabekeria horiek errepikatuko ez direla bermatzeko ere". 

Giza eskubideen urraketaren "modu guztiak" gaitzestetik abiatuta, memoriak elkarganatzeko eta eztabaidarako guneak sustatu behar dituztela ere nabarmendu dute: "Errespetutik abiatuta eta guztiok egiaren parte bat dugula jakinda, memoria partekatu bat eraiki ahal izan dezagun, gizarte gisa hobeak egingo gaituena eta terrorismoaren eta motibazio politikoarekin erabilitako indarkeriaren biktima guztiak errespetatuko dituena".