Lasarte-Orian atzemandako bederatzi kasuez gain 36 gehiago detektatu dituzte Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan. Azken asteetan aurrenekoz, sei herrietako batean, Astigarragan, ez dute kutsatze berririk jakinarazi astelehenean. Grafika hauetan kontsulta daiteke azaroko kasuek egunez egun izan duten bilakaera:
Gune gorrian jarraitzen dute Andoainek, Astigarragak, Hernanik, Lasarte-Oriak, Urnietak eta Usurbilek. Udalerri bakoitzaren intzidentzia tasaren arabera, guztietan daude batez beste 500 kasu baino gehiago 100.000 biztanleko azken hamalau egunetan.
EAEko hiru lurralde historikoetan 1.310 positibo detektatu dituzte astelehenean, horietatik 552 Gipuzkoan. Kutsatzeen hautematea PCR proba eta antigenoen test azkar bidez egiten ari da Osakidetza. Atzo egindako azterketa guztien positibitate tasa %9,3koa izan da.
Osakidetzaren ospitaleetan 518 paziente daude ingresatuta, horietatik 135 ZIU Zainketa Intentsiboen Unitateetan. R0 edo birusaren oinarrizko birsorkuntza tasa 1,07koa da EAEn eta bi ehuneko baxuagoa Gipuzkoan.