Urtaroz kanpoko bertso uzta

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 8a, 22:20

Maiatzean egin behar zuten Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatutako bertso saioa, baina beste gauza asko bezala urte erdi geroago heldu da. Ia bi orduz luzatu den emanaldia hunkitzeko, gogoetarako eta, bereziki, barrerako abagunea izan da.

Udazkenean udaberria loratu dute Ane Labaka, Miren Amuriza, Alaia Martin eta Miren Artetxe bertsolariek; baina lekuz kanpoko nabari denarekin gertatu ohi denez, nostalgia moduko batek inguratu du saioa. Izan ez zena, falta dena, aldatutakoa... Bertaratutakoen musukoez harago, keinu txikietan igarri da aldea. Bertsolari bakoitzak bere mikroa erabili du uneoro, bata bestearengandik bereizita, eta elkarri hitz egiteko hurbiltzean ere, ohi baino urrunago gelditu dira. 

Bizitza hankaz gora jarri duen gaiari ez diote iskin egin, gogoetarako ematen duten zenbait esaldirekin: Besarkada bat terrorismoa da ala iraultzailea? Garaiotan faltan botatzen dutenaren errepasoa egin dute ariketetako batean, eta gainerakoetan, zeharka bada ere, behin baino gehiagotan agertu da. Hala ere, Amaia Agirrek jarritako gaiek nonahiko horren itzalpean ezkutaturik gelditutako beste batzuk ere ekarri dituzte fokuen argipera. Esaterako, orain egun gutxi Donostiako Infernuko eraikin bateko hustea, Euskaraldia edo errefuxiatuen egoera. Azken hau, egia esan, Agirrek beharrean, Miren Bardaji herritarrak proposatu du bideo baten bidez. Haiei bertsoak Ane Labakak eta Alaia Martinek jarri dizkiete.

Beste batzuetan, lehengo zein oraingo egunerokoaren parte diren egoeretan ere jarri ditu oholtza gainekoak; eta horietan genero ikuspegia agerikoago izan da. Yoga eta bestelako irteerak elkarrekin egiten hasi diren hiru emakumeren senarrek dituzten beldur eta kexak, Internet bidez ezagutu duen mutilarekin etxeratze ordua amaitu arte egotea baino 600€ko isuna ordaintzea nahiago duen neska, eta bi lagunen arteko ezkutuko inbidiak (akaso ez hain lagun ezta  hain ezkutuko ere). Azken honetan; Labaka eta Amurizaren kontzientzia egia adierazle bilakatu dira Martin eta Artetxe, beste biek esandakoari iruzkin bihurriak eginez.

Gari Otamendik eta Araitz Bizkai abesti ezagunen doinuak jo dituzte, haiek baliatuta bertsotan egiteko: Mercedes Sosa, Joaquín Sabina, Los Rodriguez, Kiko Veneno edo aspaldi joandako uda urdin bateko Chanqueteren barkua. Erritmoa eta hasteko uneak zehaztu dizkiete bertsolariei, nahiz eta batzuetan ez diren erabat koordinatu.

Agirrek aurreratu zion TXINTXARRI-ri beste kultur diziplina batzuk ere tartekatu nahi zituztela saioan. Horiek ikus-entzunezkoak izan dira, batetik, eta Bea Egizabalen umorea, bestetik. Euskaraldia izan zuen hizpide eta horren bueltan barrea eragin duten burutazio ugari. Bat aipatzearren, ahobizi-belarriprest txapa ikusteko moduan jartzeko eskatu die ikus-entzuleei, XXL tamainako bat eskuan zuela. Martini egokitu dio elkar zuzentzen ez duten euskaldun jatorrei buruz bertsotan egiteko lana. Bukaeran bueltatu da umoregilea saioaren laburpen bat egiteko, eta bildutako ideiekin agurren aurrekoa egin dute. Azken puntuan "Gora herri giroa eta gora bizipoza" elkarrekin abestu ondoren, txalo olatu batekin amaitu da bertso saioa, ia 21:00etako ordu mugan.

 

 

Erlazionatuak

Moriara bidalitako bertsoak

Txintxarri Aldizkaria 2020 aza 08 Gizartea

Udaberriko bertso saioa udazkenean

Txintxarri Aldizkaria 2020 aza 09 Kultura