COVID-19

638 kutsatze berri Gipuzkoan eta %11,45eko positibo tasa EAEn

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 7a, 13:24

Konfinamendua eta osasun sistemaren "kolapsoa" saihesteko Sagardui sailburuak bizitza soziala eta mugikortasuna murrizteko eskatu die herritarrei.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburu Gotzone Sagarduik ezagutzera eman ditu koronabirusak eragindako egoera epidemiologikoari buruzko azken datuak. Azaldu duenez, ostiralean 12.618 test diagnostiko egin zituzten eta 1.445 positiboak izan ziren. Ondorioz, positibo tasa % 11,45 da, bezperan baino bi puntu altuagoa. 

Lurraldeka banatuta, Gipuzkoan 638 kutsatze berri detektatu zituzten; 641, Bizkaian; 158, Araban; eta zortzi EAEtik kanpo bizi diren biztanleak dira. Ospitaleen egoerari dagokionez,  berriz, COVId-19ak eragindako 84 lagun ospitaleratu zituzten atzo eta 119 gaixo daude Zaintza Intentsiboko Unitateetan. 

Sailburuak adierazi duenez, asistentzia presioa gero eta handiagoa da eta gaurko datuek "berretsi" egiten dute Eusko Jaurlaritzak indarrean dauden neurriak gogortzeko hartutako erabakia. Osasun sistemaren "kolapsoa" saihesteko  "bizitza soziala eta mugikortasuna ahalik eta gehien murrizteko eskatzen diet pertsona guztiei, bestela konfinamendura kondenatuta egongo baikara".