Salaketa

Herritarrei eta Lasarte-Oriako Udalari: minbizia sor dezaketen hondakinak hilerrian

Jesus Uzkudun Illarramendi 2020ko aza. 6a, 12:00

Jesus Uzkudun Illarramendi, Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteko kideak sinatutako ezkutitza

Profesional arduragabeko batek Uralita edo fibrozementuko plaka batzuk kendu zituen estalgune batetik, baimenduta egon gabe eta horrelako substantzia kantzerigeno bat maneiatzeko legeak ezarrita dituen segurtasun neurririk gabe. Behin kenduta, gauean eta azpikeriaz hilerriko aparkalekuan utzi zituen. Zigorgabetasun osoz jokatzen utziko diegu?

Ziur nago (bertan hilabete asko daramatela dirudi) udal langile edo herritarren batek ikusi duela eta garrantziarik eman ez diola. Eta hori larria da.

Amiantoak, nahiz eta bere merkaturatzea debekatua egon, 88.000 heriotza eragiten ditu urtean Europan. Fibrozementua guztiz arriskutsua ez kontsideratzea erdizkako egia da. Bota dituzten materialek eta instalatutako material gehienek balio-bizitza iraungita dute (35-40 urte), eta egoera horretan zuntz kantzerigenoak askatzen dituzte.

Horregatik, uste dut Lasarte-Oriako Udalak erreakzionatu egin behar duela, langile espezializatu eta egiaztatuak erabiliz, hondakinak plastikoz paketatuz eta hondakin arriskutsuen kudeatzaile bati eramanaz. Horrekin batera, instalatua dagoen amiantoa inbentariatu, kontrolik gabeko isurketak kontrolatzeko plana onartu (nork eta nola erretiratzen dituen kontrolatu) eta arau-hausleak jazarri beharko lituzke, osasunaren eta ingurumenaren aurkako delituengatik Fiskaltzan salaketak jarrita.

Iruzur egitea legezko eskakizunak betetzea baino merkeagoa da, praktika kriminal horiek kontrolatu eta zigortzen ez baditugu behintzat. Horretarako, guztion konpromisoa behar dugu.