Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak urtero antolatzen duten Udaberriko bertso saioa udazkeneko bihurtu da aurten.Covid-19ak eragindako egoera medio, bertan behera utzi behar izan zuten antolatzaileek ekitaldia, eta, orain, igande honetan arituko dira Manuel Lekuona Kultur Etxeko oholtza gainean.
Ane Labaka, Miren Artetxe, Miren Amuriza eta Alaia Martin bertsolariak, Amaia Agirre gai-jartzailea, eta Gari Otamendi eta Araitz Bizkai musikariak arituko dira jendaurrean. Bertsoa eta musika izango dira protagonista nagusiak oholtzan, baina "sorpresatxo bat edo beste" izango dela ere aurreratu du Amaia Agirre gai jartzaileak. "Bertsoaz gain, ahalegina egingo dugu beste kultura diziplina batzuk ere tartekatu daitezen bertso-saioan".
Genero ikuspegiaren ildotik jarriko ditu Agirrek, lanean lau bertsolariak. "Ohiko bertso saioetan ez bezala, lizentzia txiki bat hartzen dugu, saio hauek betaurreko moreak jantzita prestatzeko. Horrek ez du esan nahi, noski, lau bertsolari emakumeen paperean arituko direnik bertsotan, baina genero ikuspegiaren inguruko gaiez aritu beharko dira, tokatzen zaien rolean sartuta".
Doinuak adostuta, gaian ez
Agirrek txintxarri-ri aurreratu bezala, bertsotarako gaiak genero ikuspegiaren bueltan ibiliko dira, baina bertsolari bakoitzak, zehazki zeren inguruan kantatu beharko duen berak bakarrik daki. Doinuak, berriz, elkarrekin adostuta, zehaztuta dituzte dagoeneko, eta jakinarazi duenez, "dozena bat" doinurekin abestu eta osatuko dute igandeko bertsoaldia.
Ordu eta erdiko saioa izango dela aurreikusten du Agirrek, eta orotara, 11 bertso ariketekin osatuko dute bertso saioa. Gaineratu duenez, "konplizitaterako eta babeserako gune handiak" izaten dira igandekoa bezalako saioak: "esperimentatzeko plazak".
Igandean, iluntzeko 19:00etan izango da bertso saioa eta sarrerak kultur etxeko harreran edo Kutxabanken erosi ditzakete interesatuek, 5,50 euroren truke. Igandera arte egongo dira salgai, beti ere aurrez denak agortzen ez badira.
Euskaraldiaren stand-a
Bi aste eskas geratzen dira aurtengo Euskaraldiari hasiera emateko. Hori dela-eta, norbanakoen izen ematearekin murgilduta dabil egitasmoa, eta lasarteoriatarrak ere ari dira izena ematen. Azken egunak aprobetxatu eta ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien biltzeko asmoz, Lasarte-Oriako Euskaraldiako kideak igandeko bertso saiora gerturatuko dira izen emateak egiteko eta etxeko balkoietan eskegitzeko banderak ere salgai izango dituzte erosi nahi dituenarentzat.