Reala nagusi Santa Teresaren aurka

Real Sociedad taldeko jokalariak gola ospatzen. Arg.: La Liga.

Liga ez profesionalak etenda dauden arren, futbol zaletuek badute Santander Liga edo Iberdrola Ligarekin jarraitzeko aukera. Asteazkenean, Iberdrola Ligako jardunaldi berria jokatu zuen Real Sociedad taldeak eta 0-4 irabazi zion Santa Teresa taldeari. Igandean, UD Granadilla Teneriferen aurka jokatuko dute ikuslerik gabe

Iberdrola Ligako bosgarren jardunaldia jokatu du Real Sociedad taldeak. Iraia Iparragirre herritarra kide duen taldeak Santa Teresa taldea 0-4 garaitu du. 

Iraia Iparragirre kide duen taldeak Madrilen aurka galdu zuen urriaren 31n denboraldi honetako lehen partida eta arantzatxoa kendu nahi zuen. Aurretik Levante eta Deportivo Abancari irabazi zien taldeak 3-2 eta 02, hurrenez hurren.

Natalia Arroyoren jokalariak garaipena buruan zutela atera ziren zelaira. Badajozko taldeko atezainak lan ederra izan zuen txuri-urdinen erasoak geratzen. 

30. minutura arte itxaron behar izan zuen Realak baloia sarean sartzeko. Leire Bañosi penaltia egin eta Barbarak zigor kolpea sartu zuen. 

Minutu gutxira, Nuria Mendozak falta zuzena jaurti eta talde txuri-urdinaren bigarren gola egin zuen. 

Atsedenaldia baino lehen aukera gehiago izan zituen Natalia Arroyok zuzentzen duen taldeak partida guztiz erabakitzeko.

Bigarren zatian ere, erritmo berarekin atera zen Reala eta erasoan min egin zion arerioari. Leire Bañosen area barruko jaurtiketa batek hirugarren gola ezarri zuen markagailuan eta Nahikarik azken gola egin zuen jaurtiketa indartsu bati esker.

Iraia Iparragirre herritarrak partida osoa jokatu zuen eta bere aletxoa jarri zuen defentsa lanetan. 

Realeko jokalariek denbora gutxi izango dute indarrak berreskuratzeko, igandean, 12:00etan, UD Granadilla Tenerife izango baitute arerio, Zubietan. 

Levanteko partidan ez bezala, bazkiderik ez da izango talde txuri-urdinari babesa emateko. "Pandemiaren egoerak gure instalazioak jendearentzat itxita edukitzera behartzen gaitu", adierazi du Realak.

Oiartzunen aurka 

Egun eta ordu horretan bertan, bost kilometrora, Rezolako zelaian Añorgak Oiartzuni egin beharko dio aurre.

Aste beteko atsedenaren ostean, Javi Solchagak zuzentzen duen taldea garaipenaren bila aterako da beste behin.