Ostalaritza, merkataritza eta zerbitzu pertsonalen sektorea suspertzeko ezohiko laguntzak aurkeztu ditu Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko azaroaren 5a

Udal ordezkariak ez ohiko laguntza lerroaren aurkezpenean.

Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdiviak eta Nuria Fernandez Sozioekonomia saileko buruak  ostalaritza, merkataritza eta zerbitzu pertsonalen sektoreari zuzendutako laguntza lerro berria aurkeztu dute.

Xede nagusia da alor desberdinetan lan egiten duten herriko establezimenduei ekarpen ekonomiko bat egitea, COVID-19ari aurre egiteko hartu behar izan dituzten zenbait neurri finantzatzen laguntzeko.

"Komertzioei laguntzeko beste laguntza lerro bat da. Pandemiarengatik askok euren jarduna eta lan egiteko modua moldatu behar izan dute eta moldaketa horien gastuei aurre egiteko izango da laguntza hau", adierazi du Sozioekonomia saileko buru Nuria Fernandezek. 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren  Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko sailak finantzatzen du laguntza lerroa, 46.109 euro bideratuta, oraingoz. Organo horrek erabakiko balu  diru gehiago bideratu behar dela, kreditu gehigarria automatikoki handituko litzateke. Programa, ordea, Lasarte-Oriako Udaleko Sozioekonomia batzordeak kudeatuko duela jakinarazi dute udal ordezkariek prentsaurrekoan.

1.500 euro gehienez

Establezimendu bakoitzari emango zaion laguntza ez da 1.500 eurokoa baino handiagoa izango, lerro honen oinarrietan zehazten denez. Zenbatekoa kalkulatuko da prezio garbiaren gainean, BEZa kontuan hartu gabe. Eskaera kopuruaren arabera banatuko da laguntzaren zenbateko osoa Udal ordezkariek azaldutakoaren arabera. "Eskari gutxi badaude, zenbatekoa handiagoa izango da; asko badira, ordea, proporzionalki banatuko da".

Establezimenduek ekarpen bakarra eskatu ahalko dute, ez gehiago, azaroaren 20ra arte, ostiralez. Laguntza programa honetan parte hartzeko epea zabalduko da GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean. Laguntza jaso nahi dutenek Udal Erregistroan aurkeztu beharko dute dokumentazioa, edo, bestela, telematikoki, Lasarte-Oriako Udalaren web orrialdean: www.lasarte-oria.eus. Laguntza ez da lehiaketa bidez esleituko. Eskaeren azterketa indibiduala egingo da eta Alkatetzak ebatziko du nortzuk jasoko duten laguntza. Hilabeteko epean jakinaraziko ditu erabakiak, asko jota eta eskatzaileek abenduaren amaieran jasoko dute laguntza.

Parte hartzeko baldintzak

Diru laguntza horiek eskatu ahalko dituzte udalerriko txikizkako merkataritzaren, ostalaritzaren edo zerbitzu pertsonalen sektoreetako pertsona fisiko edo juridikoek, baldin eta hamabost langile edo gutxiago badituzte. Dagokion establezimenduaren ustiapenaren titularra izan beharko du eskatzaileak, eta EJZ Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren ondorioetarako milioi bat euro baino beheragoko negozio-zifraren zenbateko garbia izan.

Beste baldintza batzuk ere bete beharko dituzte onuradunek: alarma egoera amaitu ondoren –2020ko ekainaren 19tik aurrera– berriro lanean hasi izana edo  lanean segi izana eta altan egotea; COVID-19ari aurre egiteko ekipamendua edo jarduera ekonomikoa egokitzeko inbertsioak egin izana; eta Lasarte-Oriako Udalean zorrik ez izatea, besteak beste. Udalak zehaztu du gutxieneko baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duen "edozein agiri" eskatu ahalko duela "edozein unetan".

Diruz lagundu ahalko diren jarduerak zeintzuk izan daitezkeen zehaztu du udalak agerraldian. 2020ko martxoaren 14tik abenduaren 31ra arte egin beharko dira horiek.

Jarduera ekonomikoa egokitzeko eta ekipamendua erosteko inbertsioak finantzatzen lagunduko dute, baldin eta COVID-19ari aurre egiteko erabiltzen ari badira. Esate baterako, lokalak eta lan egiteko moduak egokitu behar izana. Osasun-protokoloak bete behar izateko egin diren inbertsioak eta erosi diren ekipamenduengatik  ere bai, eskatu ahalko dute ekarpena herriko komertzioek, baina ez dira finantzatuko "maskara, eskularru, mantel, gel hidroalkoholiko eta antzeko materialetan egindako gastuak".  Diruz lagundu ahalko dira, ordea, bezeroekiko eta hornitzaileekiko harremanak egoera berrira egokitzeko egin diren inbertsioak eta erosi den ekipamendua.

Udalak azpimarratu du diruz lagundu daitezkeen jarduera horiek "lotura zuzena" eduki behar dutela COVID19ari aurre egiteko hartu behar izan diren neurriekin. "Eskabidea egiterakoan argi eta garbi adierazi beharko da hori".