Mansok, Euskadiko Mendiko Igoeren txapelketako brontzezko saria

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 4a, 13:00
Aitor Manso denboraldi honetako probetako batean lehian. Arg.: Aitor Manso.

Aitor Manso herritarrak hirugarren postua eskuratu du Euskadiko Mendiko Igoeren txapelketako bere lehen urtean. Nahiz eta lasterketa gutxi lehiatu ahal izan, hurrengo urterako esperientzia bildu du eta hurrengo denboraldirako moldaketetan pentsatzen ari da

Euskadiko Mendiko Igoeren txapelketa amaitu da. Urriaren 18an, Urrakiko igoerarekin eman behar zitzaion amaiera denboraldiari, baina proba bertan behera geratu zen, lehen beroketan ezbehar bat geratu ostean. Aurten beraz, bi proba bakarrik jokatu dituzte parte-hartzaileek, Aitor Manso herritarra barne: Andatzatik Aiara eta Jaizkibelgo igoeretako. Horietan lortutako puntuek 8. klaseko txapelketako podiumera eraman dute herritarra, brontzezko postura hain zuzen ere. Gipuzkoako txapelketan ere postu bera lortu du.

Urrakiko igoera Euskadiko Mendiko Igoera txapelketako azken proba zen. Lehen igoera jokatzen ari zela, proba eten behar izan zuten Tracking RC01 kotxeak istripua izan baitzuen. Erreskate taldea gerturatu zen, baina ezin izan zuten gidariaren bizia salbatu. Ondorioz, proba  bertan behera geratu zen.

Irteera lerroan, zen Aitor Manso gaztea istripuaren berri eta bere ondorioen berri izan zuenean. "Irteteko gutxi geratzen zitzaidan eta ezin izan nintzen atera. Pena handia da horrelako ezbehar bat gertatzea. Urte pila da horrelako istripurik ez zegoela, baina horrelakoak izan daitezke lasterketetan", adierazi du.

Brontzezko postua

Nahiz eta Urrakin ezin parte hartu, aurten bi probatan lehiatu da Lasarte-Oriako gidariak eta esperientzia ona izan dela azpimarratu du. "Lehenengo urtea dut mendi igoeretan eta esperientzia ona izan da".

Bi proba bakarrik izan arren, lasterketa bakoitzeko txandetan hobetzen joan da herritarra eta egindako lanarengatik 54 puntu eskuratu ditu. Horiei esker, 8. klaseko hirugarren postua lortu du Mansok eta pozarren dago horregatik. 

Ez da sari banaketarik izango, ordea. Lasarte-Oriako gidariak jakitera eman duenez, "egun bizi dugun egoera dela eta, ez da sari banaketa jendetsua egingo eta bakoitzari bere saria eramango zaio etxera". 

Denboraldi osoa

Hala ere, aurtengo denboraldian proben falta sumatu duela onartu du. "Bizi dugun egoerak asko baldintzatu du aurtengo denboraldia, normalean bederatzi bat probako denboraldia da eta  aurten hiru besterik ezin izan dira antolatu; eta tamalez, bi bakarrik lehiatu dira guztiz. Ea hurrengo urtean denboraldi osoa egin edo behintzat txapelketa serioago bat antolatu daitekeen".

Horretarako prestatuko da behintzat Aitor Manso. "Nahiz eta denboraldi honetan esperientzia gutxi bildu, gutxi horrek gure hutsuneak ezagutzeko balio izan digu eta kotxea eta ni hobeto prestatzeko aukera izango dugu".