Lasarte-Oriako ostalariek ekitaldian parte hartzeko deia luzatu diete gremioan lan egiten duten pertsonei. "Entzun gaitzaten, kalera atera behar dugu gure eskubideak eta gure lana aldarrikatzera". Nabarmendu dute jaso dituzten laguntzak ez direla nahikoa izan: "Aurrezkiak agortu dira eta kredituak eskatu lehen itxialdiari aurre egiteko". Ostalaritza ez da pandemiak eragindako kolpe horri buelta eman oraindik, eta etorkizuna "ziurgabea" da herriko elkarte horren kideen hitzetan. "Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ez digute laguntzarik eman".
Gogoratu dute ostalaritza izaten ari dela COVID-19ak gehien erasan duen sektoreetako bat. "Gure diru-sarreren %100 galdu genituen itxialdiak iraun zuen hilabeteetan". Konfinamentua lasaitzen joateak, dena den, ez zuen euren egoera asko hobetu: "Baldintza prekario batzuetan lan egiten ari gara lanpostuak eta negozioak mantendu ahal izateko; batzuek ezin izan dute berriro pertsiana igo".
450 zuzeneko lanpostu
Lasarte-Oriako Ostalaritzako kideen aburuz, sektoreak ezingo lioke aurre egin bigarren itxialdi bati. "Negozio askok behin betiko itxi beharko lukete eta lanpostu asko suntsituko lirateke". Gure herriko "motore ekonomikoetako bat" da ostalaritza; "450 zuzeneko lanpostu inguru" sortu ditu.
Bigarren itxialdi bat egonez gero, negozio askok "behin betiko" itxi beharko lukete eta "lanpostu asko" suntsituko lirateke, ostalarien aburuz
Ostalarien ustez, tabernak eta jatetxeak ixtea ez da bidezkoa, ezta eraginkorra ere. "Orain arte erregistratu diren kasu positiboen %4 baino gutxiagok dute jatorria gure sektorean". Herbehereen adibidea jarri dute: "Herritarrei gomendatzen diete taberna eta jatetxeetan elkartzea, aforoak kontrolatzen direlako eta higiene baldintzak betetzen dituztelako".
"Politikarien esku dago"
Lasarte-Oriako Ostalaritzak eskatu du tabernak eta jatetxeak ez ixtea, eta, "ezinbestean" hori egin behar izanez gero, sektoreari diru laguntza "duin eta eraginkorrak" ematea, bigarren itxialdiari aurre egin ahal izateko.
"Politikarien esku dago egoerari behar bezala aurre egin eta erabaki garrantzitsuak hartzea", gehitu dute. "Bizitza duen herri bat, edo hilik dagoena? Euren esku dago".