Dantza garaikideak hartu zuen atzo kultur etxeko agertokia. Doos Colectivo-k Eva Guerrero sortzaile bilbotarraren bi piezak osatutako ikuskizun labur bat ekarri zuen. Hogei bat lagun besterik ez ziren animatu hiru ordu laurden inguru iraun zuen emanaldia ikustera.
Gorpuztu lanean Leire Otamendi dantzariak metamorfosi bat bizi du. Kimono gorria erantzi eta saskia buruan jarrita, animalia bilakatzen joan zen gutxika, mugimenduz mugimendu.
Ondoren, Vincent-Rene Lortiek zuzendutako The man who traveled nowhere in time bideoa bota zuten pantailan. Inguruan dena mugitu eta aldatzen dela ikusten du protagonistak, baina bera beti berdin mantentzen da.
Amaitzeko, Otamendi oholtzara bueltatu zen, oraingoan, Aritz Lopez dantzaria lagun zuela, El fin de las cosas antzezteko. Maitasun istorio baten gorabeherak irudikatu zituzten, batak bestea ukitu edo eraginda harremana nola eraldatzen den erakutsiz.