MUGAK ETA ORDUTEGIAK
Zer da jarduera sozioekonomikoa?
Udalerri mugakidean egin ohi diren jarduerak: supermerkatura joatea, tindategira, jatetxera edo haurtzaindegira, eta gure udalerrian bertan egin ditzakegunak; baina hurbiltasunagatik edo irisgarritasunagatik udalerri mugakidean egitea komeni zaizkigun jarduera sozial edota ekonomikoak.
Zer jotzen da udalerri mugakidetzat?
Bizileku dugun udalerriaren ondoko udalerria da; udalerri mugakidera joateko zuzeneko bidea dugu, mugakide ez diren beste udalerri batzuetatik igaro beharrik izan gabe.
Sar gaitezke udalerri mugakidean, nahiz eta beste lurralde historiko batean egon? Eta beste autonomia-erkidego batean badago?
Beste lurralde historiko batean egonez gero, bai, gainerako udalerrietan bete beharreko baldintza beretan. Ez, ordea, beste erkidego batean bagaude, EAEtik irtetea mugatuta baitago, Errege Dekretuan ezarritako salbuespenetan izan ezik.
Erreka bi udalerrien artean badago, mugikortasuna posible da?
Bai, baimenduta dago.
Domu Santu egunean joan gaitezke mugakide ez diren udalerrietako hilerrietara?
Ez. Joan-etorriak ekidin behar dira.
Aiton-amonek udalerri mugakideetan bizi ez diren bilobak bisita al ditzakete?
Ez. Familia bisita bada, ezin da. Adingabea zaintzeko joanez gero, bai.
Nola justifikatu daiteke agintaritza baten aurrean joan-etorri bat adinekoen edo adingabeen zaintza dela?
Pertsona arduradunak emandako egiaztagiriaren bidez; horretarako, familia lotura frogatu beharko da eta zainduko den pertsonaren identifikazio-datuak eman beharko dira.
Gure udalerriko supermerkatua txikia da, eta, normalean, beste udalerri bateko handiago batera joaten gara. Joan gaitezke?
Elikagaiak edo baimendutako beste produktu batzuk erosteko joan-etorriak bizitoki dugun udal-mugartean edo udalerri mugakideetan dauden merkataritza establezimenduetan egin behar ditugu. Bizitoki dugun udalerrian edo mugakidean ematen ez diren zerbitzu eta hornikuntzen kasuan, salbuespen gisa, bizitoki dugun udalerritik hurbilen dagoen azalera handiko saltoki batera edo antzeko batera joan ahalko gara.
Baimenduta al dago mugikortasuna udalerritik kanpora, saltokietan eta halal harategietan erosteko beharra dagoenean?
Bai. Bizitoki dugun udalerrian zerbitzu hori egon ezean, joan-etorriak egin ahalko dira zerbitzu hori duen eta gure udalerritik hurbilen dagoen udalerrira.
Maskota 23:00ak baino geroago atera daiteke?
Ez, ezin dugu paseatzera atera. Larrialdi batengatik albaitariarenera eraman daiteke.
Etxe bat erosteko prozesuan dauden eta zenbait udalerritan etxeak ikusi behar dituzten pertsonek egin dezakete?
Ez, atzeratu egin beharko dute jarduera hori.
Joan gaitezke autonomia-erkidego berean dagoen bigarren etxebizitzara?
Ez. Mugikortasuna bizitoki dugun udalerrira mugatuta dago.
Bidaiatzeko hegazkin txartela badugu, baliogabetu egin behar al dugu?
Bidaia aisiagatik bada, bai. 2. artikuluko arraoziengatik bada, eutsi dakioke.
Bil gaitezke sei pertsona baino gehiago lanean?
Bai. Laneko, hezkuntzako eta erakundeetako jarduerak muga horretatik kanpo daude. Nolanahi ere, segurtasun neurri guztiak bete beharko dira; alegia, musukoa erabili eta metro eta erdiko tartea uztea. Gainera, bilera gela aireztatu behar da.
OSTALARITZA
Zenbat pertsona eser gaitezke jatetxe batean jaten edo taberna batean zerbait hartzen?
Bai barruan bai kanpoan gehienez sei pertsona mahai edo mahai multzo bakoitzeko. Gutxienez 1,5 metroko tarte utzi beharko da bezero edo bezero-taldeen artean, eta une oro egon beharko dute eserita. Musukoaren erabilera derrigorrezkoa izango da une oro, kontsumitzeko unean bertan izan ezik. Barruko edukiera, guztira, ezingo da % 50etik gorakoa izan. Ezingo da barran kontsumitu.
Ordutegiaren aldetiko muga bera da Euskadiko taberna eta jatetxe guztientzat?
Bai. Guztiek 23:00ak baino lehen itxi beharko dute eta ezingo dute 06:00ak baino lehen ireki. Neurri hori asteko egun guztietan aplikatuko da, jaiegunetan barne.
Erregai-zerbitzuguneetako eta gasolindegietako tabernek eta jatetxeek ere 23:00ak baino lehen itxi beharko dute?
Ez, ordu mugak jatetxe-zerbitzu horiek salbuesten ditu. Hala ere, ezingo dute alkoholik atera 23:00ak eta 06:00ak bitartean.
Ostalaritzako establezimendu bat badugu eta 23:00etan ixten badugu, itzul gaitezke etxera 23:00ak baino beranduago?
Bai. Salbuespenetan jaso da lan arrazoiengatik bide publikoetan edo erabilera publikoko espazioetan 23:00ak eta 06:00ak bitartean ibiltzeko aukera. Nolanahi ere, zergatia egiaztatzeko gai izan beharko dugu, hala egiteko eskatzen badigute.
Egon daiteke jarduerarik ostalaritzako eta jatetxeko lokalen barruan, ezarritako orduetatik kanpo?
Bai. Baimenduta dago establezimenduaren barrualdean ostalaritzako langileek lokala prestatzeko lanak egiten jardutea, bai 23:00ak ondoren, bai 06:00ak baino lehen. 23:00etatik aurrera ezingo da etxera banatzeko zerbitzurik bete, ezta jasotzeko zerbitzurik ere.
Joka dezakegu zutik taberna batean dagoen makina batean?
Ez. Aulkian eserita egon beharko dugu.
ESTABLEZIMENDUAK, INSTALAZIOAK ETA LOKALAK
Supermerkatuek edo elikagaien dendek sal dezakete alkohola 20:00etatik aurrera? Eta 20:00ak ondoren ixten badute?
20:00ak eta 08:00ak artean ezingo da alkoholik saldu, taberna eta jatetxeetan kontsumitu ezean. Era berean, ezin da bide publikoan kontsumitu, ostalaritza zerbitzuei lotuta dauden terrazetan ez bada.
MEZAK, HIL BEILAK ETA EHORZKETAK
Joan gaitezke bizitoki dugun udalerritik kanpo egiten den hileta, hil-beila edo ehorzketa batera? Eta autonomia-erkidegotik kanpora?
Ez, udalerrian bertan edo mugakideetan ez bada. Bete beharreko neurriak: Hil-beiletan, 30 pertsona batu ahalko dira, gehienez, atari zabalean, eta sei, gune itxietan. Bertaratzen den pertsona-kopurua txikiagoa izanez gero, ezingo da baimendutako edukieraren % 50 gainditu. Ehorzketan edo errausketarako agurrean, 30 pertsona egon ahalko dira, gehienez, betiere espazio irekian egiten bada. Espazio itxian gehienez, hamar pertsona batu ahalko dira, eta, nolanahi ere, pertsonen arteko distantzia gorde beharko da. Kasu guztietan erabili beharko da musukoa.
Baimenduta al dago erlijio- edo kultu-zerbitzuetara joatea?
Bai, salbuespen gisa, bizitoki dugun udalerrian halakorik ez bada eta, betiere, hurbilen dagoen lekura.
JARDUERA FISIKOA ETA KIROLA
Irten gaitezke ibiltzera edo perretxikotan taldean?
Jarduera fisikoa egin daiteke atari zabalean, bakarka edo gehienez sei pertsonako taldeetan, udalerriaren edo udalerri mugakidearen barruan.
Joan gaitezke kirol-jarduera bat egitera beste udalerri bateko kiroldegira?
Bai, baldin eta udalerri mugakidea bada.
Joan gaitezke taldean korrika egitera edo bizikletan ibiltzera?
Jarduera fisikoa egin daiteke atari zabalean, bakarka edo gehienez sei pertsonako taldeetan, udalerriaren edo udalerri mugakidearen barruan.
Egin dezakegu kirola taldean, espazio itxietan?
Ez, kirola bakarka baino ezingo da egin. Gimnasioetan programatutako ikastaroak edo jarduerak salbu; haietan, musukoa erabili beharko da. Taldeko klaseetan, sei parte-hartzaile egon ahalko dira, gehienez.
Entrena dezakegu gure taldearekin eta partidak jokatu?
Baimenduta daude lehiaketa profesionalean edo erdi profesionalean dauden taldeen kirol-entrenamenduak eta -lehiaketak. Profesionala edo erdi profesionala ez den federazio-lehiaketa eten egingo da, bai eta eskola-kiroleko lehiaketa ere. Baimenduta daude federatutako edo eskoletako taldeen kirol-entrenamenduak, baina seiko taldeetan eta bakarka.
Joan gaitezke beste udalerri batera partida bat jokatzera?
Lehiaketa profesionaletan edo erdi profesionaletan baino ez.
Zer ulertzen dugu kirolari erdi profesional diogunean?
Egutegi ofizialeko Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan eta Euskal Federazioak antolatutako maila goreneko lehiaketetan parte hartzen duten kirolariak dira, guztiak kategoria absolutuan. Atal honetan kategoria absolutuko maila goreneko bertoko kirol-lehiaketak sartzen dira.
Joan gaitezke beste udalerri edo erkidego batzuetara jarduera zinegetikoak edo arrantza-jarduerak egitera?
Ez. Bi jarduera horiek bizitoki dugun udalerrian edo mugakideetan baino ezingo dira egin.
GARRAIO PUBLIKOA
Gaueko zer ordutara arte egongo da garraio publikoa?
Hiru lurralde historiko bakoitza baino eremu gutxiagoko garraio publikoaren azken irteera 00:00etan izango da. Taxia edo gidaridun ibilgailua izan ezik.
Jan edo edan daiteke garraio publikoan?
Bidaia-denbora bi ordutik beherakoa bada, ezin da jan, baina bai edan.
Badago okupazio-mugarik garraio publikoan?
Ez, garraio publiko eta pribatuetan ibilgailuak duen plaza adina pertsona joan ahalko da, betiere musukoa jantzita.
Sarrera bat dugu udalerritik kanpo egingo den kontzertu baterako. Joan gaitezke?
Bai, baldin eta jarduera udalerri mugakidean egingo bada eta sarrerarekin behar bezala justifikatzen badugu.
HEZKUNTZA
Joan gaitezke ikastera bizitoki dugun udalerrian ez dagoen zentro batera? Nola justifikatuko dugu?
Unibertsitate-, irakaskuntza- eta hezkuntza-zentroetara joatea, haur-hezkuntzako eskolak barne, baliozkotzat eta nahikotzat jotzen den edozein dokumenturen bidez egiaztatu beharko da.
Joan gaitezke semea edo alaba jasotzera, gure udalerritik kanpo egiten den eskolaz kanpoko jarduera batera?
Bai, betiere behar bezala justifikatzen bada; dena den, ezingo gara helmugako udalerrian umea batzeko behar baino denbora gehiago egon. Mugikortasuna eta kontaktuak ahalik eta gehien murriztu behar ditugu.
BESTE BATZUK
Erre daiteke bide publikoan?
Bi metroko gutxieneko distantzia gordetzerik badago bakarrik.
Baimenduta al dago adinekoen egoitzetara joatea?
Bai, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren barruan, betiere zentroak berak baimendutako bisitak badira.
Baimenduta al dago espetxeetara joatea?
Bai, baina, horretarako, Espetxeetako Agintaritzak emandako baimen egokia beharko da. EAEtik kanpora mugitu ahalko da, baldin eta helmugako erkidegoak baimena ematen badu.
Baimenduta al dago ibilgailuen tailerretara eta kontzesionarioetara joatea?
Bai atzeratu ezin diren, derrigorrezkoak diren eta aurrez aurre egin behar diren kudeaketen kasuan.
Joan gaitezke aireportura, geltokietara eta bestelakoetara pertsona baten bila?
Bai, edozein familiartekoren bila, bakarrik bizilekura bueltatzeko.
Bisita daitezke mendeko familiartekoak, desgaitasuna duten pertsonak edo pertsona bereziki kalteberak?
Ez. Haien etxera laguntzera eta zaintzera baino ezingo gara joan.
Baimenduta dago baratzeetan lan egiteko mugitzea?
Bai, bizitoki dugun udalerrian eta mugakideetan dauden baratzeetan.
Baimenduta al dago arrazoi sindikalengatik, alderdi politikoen, enpresa elkarteen eta antzekoen jarduerengatik lekualdatzea?
Bai. Erakunde-jardueratzat jotzen baitira.