Añorgak Getxon garaipena erdietsi zuen

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 29a, 10:45
Ainara del Olmo herritarra, Bizkerreko jokalariarekin borrokan. Arg.: Conchi Sanchez Frail.

Denboraldiari hasiera emateko era bikaina izan du Añorgak, Bizkerre FT 1-2 garaitu zuen

1. nazional mailako denboraldia urriaren 17an hasi bazen ere, urriaren 25a arte Añorga KKEk ezin izan dio ligari hasiera eman. 

Arratia N.F.T. izan behar zuen arerio lehen jardunaldiko partidan, baina COVID-19a dela eta, atzeratu egin zen. Beraz, Getxon izan zuen lehen hitzordua

Añorgako taldeak Bizkerre Futbol taldearen aurka. Javi Solchaga herritarrak zuzentzen duen taldeak ez zuen huts egin eta 1-2 irabazi zuen partida.

Hamaikakoan bi herritar izan ziren, Izaskun San Anizeto aurrelaria eta Ainara Del Olmo erdilaria.

2019-2020 denboraldian, bi taldeak sailkapeneko lehen postuetan izan ziren eta partida gogorra izango zela aurreikusten zen. 

Añorgak ederki egin zion aurre Bizkaiko taldeari eta zortzigarren minutuan lortu zuen lehen gola. Nora Sarriegik area aurrean baloia lapurtu eta sarera bidali zuen.

Nora Sarriegik berak egindako presio batean sortu zen bigarren gola, hemezortzigarren minutuan. Presioarengatik Bizkerreko jokalariek baloia galdu eta

Sarriegik Malen Urangari pasea eman zion area barrura. Hark ezkerrez bikain eman zion amaiera jokoari.

Eta 0-2ko emaitzarekin iritsi ziren atsedenaldira. 

Bigarren zatian, bi taldeak erasoak gauzatzen saiatu ziren, baina Bizkerrek bakarrik lortu zuen helburua. 80. minutuan tartea murriztea lortu zuen buruz sartutako golarekin.

Azken minutuetan Añorgak sufritu behar izan zuen emaitza mantentzeko, baina epaileak amaiera adierazi eta hiru puntuak eskuratu zituen.