Nahia Zudairek, dominak eta markak Berlinen

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 28a, 09:30
Nahia Zudaire, 100 m. tximeleta probako podiumean. Arg.: Buruntzaldea IKT

Buruntzaldea IKTko Nahia Zudaire igerilaria  34. IDM Berlin 2020 -World Para Swim World Series txapelketan parte hartu du, urriaren 15etik 18ra bitartean. Lan ederra egin du; sei domina lortu eta Espainiako bi errekor berri ezarri ditu

Alarma egoera ezarri zenetik lehenengo txapelketan partea hartu du Buruntzaldea IKTko Nahia Zudaire igerilariak. Ez da nolanahikoa proba izan, nazioarteko igerilariak bildu dituen 34. IDM Berlin 2020 -World Para Swim World Series txapelketan lehiatu da gaztea eta ederki moldatu da lau egunetako lehiaketan. Parte hartu duen proba guztietan finalerako sailkatu da eta sei domina eskuratu ditu: urre bat, hiru zilar eta bi brontze. Horrez gain, bi marka pertsonal eta absolutu mailako S8 klaseko Espainiako bi errekor ere ezarri ditu

Txapelketako lehen egunean, bi probatan lehiatu zen Zudaire, 100 m. tximeleta eta 200 m. libre probetan, eta bietan S8 mailako Espainiako errekor berriak ezarri zituen. 

100 m. tximeletako sailkapen proban lortu zuen lehena; 1:22,30 kronoa egin zuen gazteak. Finalean, berriz, ezin izan zuen marka hobetu, baina Nazioarteko Gazte Mailan lehena izan zen.

200 m. libreko final absolutuan, lortu zuen bigarrena. Horrez gain, bi domina ere eskuratu zituen, absolutu mailako brontzezko domina eta Nazioarteko Gazte Mailako zilarrezkoa.

Bigarren jardunaldian, 100 m. libre proban parte hartu zuen Zudairek. Kanporaketan bere markatik gertu ibili zen, 1:12,09. Arratsaldeko finalean ere gertu ibili zen, 1:12,37an kronoa geldituz. baina Nazioarteko Gazte Mailako zilarrezko dominarekin konformatu behar izan zen.

400 m. libreetan lehiatu zen lehiaketako hirugarren egunean. Proba garrantzitsua zen Zudairerentzat. Sailkapen saioan bere marka onenetik gertu ibili zen eta arratsaldeko finalean hobetzea lortu zuen, 5:18,17. Horri esker, absolutu mailako brontzezko postua eta Nazioarteko Gazte Mailako zilarrezkoa eskuratu zituen.

Lehiaketari amaiera emateko, 200 m. lau estiloak proba izan zuen Zudairek. Goizeko kanporaketan 3:11,40 marka egin ostean, arratsalderako finalerako sailkatu zen eta finalean kronoa 3:10,51n geratuz ,Nazioarteko Gazte mailan zilarra eskuratu zuen bere marka onenetik ehuneko gutxi batzuetara.