Indianoaren itzulerak aztoratutako herria

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 24a, 21:34

VIII. Musika Astearen barruan, Sasibill Elkarte Lirikoak Los Gavilanes zarzuelaren emanaldia egin du kultur etxean.

Zazpi hilabeteko atzerapenarekin Sasibil Elkarte Lirikoak bere emanaldia egin ahal izan du kultur etxean. VIII. Aste Kulturalean parte hartu behar zuten martxoan, baina pandemiak horri ere eragin zion, eta bertan behera utzi behar izan zuten. Gaur iluntzean arantzatxoa kendu dute musikariek, abeslariek nahiz ikus-entzuleek. 

Ikuskizunaren doinuak hasi direnean, eszenatokia eta lehen ilara arteko tartean kokatutako musikariek partiturak irakurri ahal izateko zituzten lanparatxoek argitzen zuten iluntasuna. Gortinak zabaldu, eta agertokian kantuan hasi dira obrako herritarrak. Elkarri kontatu diote Juan indianoa bueltan zela eta Perun aberastutako gizonak ere bat egin du bere bizipenen berri emateko. Dirua eta bitxiak jaioterrira ekarri ditu luze kanpoan egon ondoren, eta bat-batean herrikide guztiek haren lagun izan nahi dute, opariren bat jasotzeko itxaropenez. Horien artean Rosaura ezagutuko du, gaztaroan bikotekide izandako Adrianaren alaba, eta diru premian daudela jakinda, berarekin ezkontzeko proposatuko dio. Bere nahia diruarekin lortu nahi izateak are gehiago aztoratuko ditu herrikideak. Horri segika hamaika gorabehera eta debekatutako maitasun istorioak bizi dituzte pertsonaiek, kanta eta antzerki artean.

José Ramos Martínek idatzitako hitzak eta Jacinto Guerrero Torresen musikak ezagunak ziren kultur etxeko aretoan zeudenetako batzuentzat, eta kanta-marmarrean aritu denik ere bada.

Erlazionatuak