Semaforo gorriak, kirolean eragina

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 23a, 13:35

COVID-19aren intzidentzia dela-eta, hurrengo bi asteburuetan jokatu behar ziren partidak atzeratzea erabaki du Gipuzkoako Futbol Federazioak. Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak, berriz, arriskuko herrietako taldeei partidak atzeratzeko aukera eman die

Eusko Jaurlaritzak herritarren segurtasuna bermatzeko eta birusaren hedapena geldiarazteko ezarritako neurri berrien aurrean, Gipuzkoako Futbol eta Saskibaloi federazioek azken orduko oharrak argitaratu dituzte.

Gipuzkoako hogei udalerrietako herritarren mugikortasun geografikoa erabat murrizteko gomendioa egin du Eusko Jaurlaritzak. Hori dela eta, Saskibaloi eta Futbol federazioek neurriak hartu dituzte.

Nahiz eta kirol federatuetako ligak jarraitzeko baimena izan, Futbol Federazioak hurrengo bi jardunaldiak atzeratzeko erabakia hartu du. 

Beraz, Ostadar SKTko eta Texas Lasartearrak elkarteko futbol taldeek ez dute partidarik jokatuko bi astez.

Saskibaloi federazioak, berriz, lehiaketarekin jarraitzeko asmoa duen arren, eremu gorrian dauden herrietako taldeei ezohiko egoera horrek irauten duen bitartean neurketak atzeratzeko eskaerak onartuko ditu bai eurek eskatuta, baita arerioek eskatuta ere.

Gauzak horrela, Ostadar SKTko junior partizipazio taldeak igandean Avia Eibarren aurka jokatu behar zuen partida atzeratu da. Senior mailako taldea ere zain dago, Eskoriatza taldeko kide batek PCRaren proba egin baitu. Emaitza positiboa izanez gero, norgehiagoka beste data batean jokatuko litzateke.