3. seniorrek, ezin luzapenean garaitu

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urriaren 22a

Junior Errendimenduko taldeak garaipena lortu zuen. Arg.: Jose Angel Hidalgo Rico.

Ostadar SKTko 3. mailako seniorrak urriaren 18an eman zion hasiera denboraldiari Az Casa de la Riojaren aurka. Nahiz eta partida ona jokatu, luzapenean galdu zuen partida Endika Marrahik zuzentzen duen taldeak, 57-64

Ostadar SKTk talde ezaguna izan du denboraldi berri honi hasiera emateko. "Talde ezaguna dugu Az Casa de la Rioja. Alde Zaharra taldea da, baina aurten izen berriarekin parte hartuko du," adierazi du Endika Marrahi entrenatzaileak. Ez da lehen aldia lehen jardunaldian aurrez aurre daudela eta horregatik, ongi ezagutzen dute elkar.

Denboraldiko lehen partida izanik, bi taldeek garaipena erdietsi nahi zuten. Hala ere, taldeak baja garrantzitsuekin jolastu zuela jakitera eman du  talde urdin-beltzeko entrenatzaileak eta hori jokoan nabaritu zen. 

Berdintasuna nagusi

Bi taldeak indartsu atera ziren kantxara. Bi taldeek ongi erantzuten zieten arerioaren erasoei eta hiruzpalau tantoko tartea egon zen batzuetan talde urdin-beltzaren alde, bestetan AZ Casa de la Riojaren alde. 

Ostadar SKTk zailtasunak izan zituen area barruan jolasteko eta kanpoko jaurtiketekin ausartu zen, baita hiruko jaurtiketekin ere. Az Casa de la Rioja taldeak, berriz, jokalari handi eta indartsuei esker, sarrerak egiten etekina atera zuen, baita poste barruko jokoan ere. 

Era honetara, atsedenaldira markagailua berdinduta iritsi ziren, 27-27.

Bigarren zatian, Ostadar SKTk arazoak izan zituen erasoan Az Casa de la Riojak 2-3 eta 3-2 zona defentsa egin zuen-eta. Hori dela eta, defentsa indartu eta lapurretak egitea lortu zuen talde urdin-beltzak. Baina hiruko marrako saskiratzeak murriztu ziren. "Lehen zatian bost sartu genituen eta bigarrenean bi soilik", aipatu du Marrahik.

Arerioak area barruan zuen abantailarekin jarraitu zuen amaiera arte. Baina laugarren laurdena amaitzeko bederatzi segundo faltan  zirenean jaurtiketa libreari esker, Ostadar SKTk partida berdindu zuen, 54-54 eta luzapena jokatu behar izan zuten. 

Az Casa de la Rioja nagusi izan zen partidaren azken zatian. 3-11ko partziala egin eta garaipena lortu zuen Donostiako taldeak.

Hurrengo bi asteetan atsedena izango du Marrahik zuzentzen duen taldeak, Hala ere, lagunartekoren bat jokatuko duela iragarri du entrenatzaileak.

Juniorren garaipena
Bestetik, Junior Errendimendu taldeak denboraldiko lehen garaipena erdietsi zuen, 63-21. 

Erroibide Urbycolan taldearen aurkako partida gogorra aurreikusi bazuten ere, Ostadar SKTk hasieratik aurre hartu zuen kanpo jaurtiketei esker. Gainera, defentsan sendo ibili zen eta ondorioz 25-5 joan ziren atsedenera. 

Hirugarren laurdenean arerioak presioa egin eta hamar tanto egitea lortu zuen. Nekea izan arren, laugarren laurdenean ederki eraso zuten talde urdin-beltzeko jokalariek eta 21-6ko partziala egin zuen garaipena lortzeko.

Gainerako taldeen emaitzak honakoak izan ziren: senior mailan, Graficas Juaristi ZKE 43-42 Ostadar SKT eta kadete errendimendu mailan, Ostadar SKT 36-62 BKL Esparru.