Gripearen aurkako 300 txerto eguneko Antonio Mercero aretoan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 22a, 12:10

Urriaren 13an hasi da gripearen aurkako txertoen aurtengo kanpaina. Lasarteoriatarrak Antonio Mercero aretora joaten ari dira, aurrez hitzordua hartuta, dagokien dosia jartzera. Erizainek Txintxarri-ri kontatu diotenez, egunean 300 bat txerto jartzen ari dira, eta minuturo paziente bat artatzen dute. "Leher eginda amaitzen dugu eguna".

Kanpainaren aurkezpenean Osasun sailburu Gotzone Sagarduik jakitera eman zuenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bi milioi euro inbertitu ditu 558.000 dosi eskuragarri izateko, 2019ko kanpainan baino "heren bat gehiago". Txertoa hartzea 65 urtetik gorako pertsonei, eritasun kroniko bat dutenei eta haurdun daudenei gomendatzen die Osasun Sailak, eurak hartzen baititu arrisku taldetzat.