Greba luzatzea erabaki dute pilotariek

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 21a, 09:45

Urriaren 20an pilotariak ordezkatzen dituen greba batzordea eta Baiko enpresako arduradunak bildu ziren. Bileraren ostean, pilotariek aho batez grebarekin jarraitzea erabaki zuten. Fede oneko negoziazio baten zain daude, hurbilketa posible dela uste baitute pilotariek

Greban dauden pilotariek, Axier Arteaga herritarra barne, urriaren 9an hasitako greba azaroa amaiera arte luzatzea erabaki dute, asteartean, Baiko Pilota enpresarekin bilera izan ostean.

Baiko enpresako pilotariek espero dute eta nahi dute gatazka datozen egunetan konpontzea eta enpresak benetako edukiak dituen negoziazio bat hastea. Izan ere, Baiko Pilotak oraindik ez dio inolako eskaintzarik egin greba batzordeari. Pilotariek kaleratutako oharrean azaltzen dutenez, "aldarrikapen asko ez dira ekonomikoak, eta enpresak ez du puntu horietarako ere eskaintzarik egin". Eta, beraz, greba bertan behera uzteko arrazoi nahikorik ez dago

Era berean, pilotariak negoziatzeko prest daudela errepikatu dute eta badakite negoziazio batean bi aldeek uko egin beharko dietela zerbaiti.

Horrez gain, aho batez adierazi nahi dute ez dutela bat egingo Aimar Olaizolak, Mikel Urrutikoetxeak, Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak bultzatutako "elkartearekin". Pilotarien azaldu dutenez, "hasiera-hasieratik defendatu dugu elkarte parte-hartzaile baten beharra, sektoreko pilotari guztiei lekua egingo diena, elkartean sartzeko eperik jarriko ez diena eta zuzendaritza karguak inposaketa bidez erabakiko ez dituena". 

Kadeteek ezin Hernanin

Maila ez profesionala alde batera utzita, Intzako Beñat Olazabal eta Pedro Elosegui kadeteek ezin izan zuten Hernaniko bikotea garaitu. Hernaniarrak nagusi izan ziren partidako lehen minututik. Herritarrek ezin izan zuten ezer egin eta 9 eta 22 galdu zuten.