AÑARBEKO URAK

Ustezko iruzur bat egiten ari dira Añarbe Mankomunitateko udalerrietan, uraren kalitateari lotuta

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 21a, 13:14
Sasiteknikari batzuek herritarren etxeetara deitzen dute iturriko uraren kalitatea txarra dela esanez.

Sasiteknikari batzuek Añarbe Mankomunitateko udalerrietako biztanleei telefonoz deitzen diete, edo euren etxebizitzetara joaten dira, esanez uraren kalitatea txarra dela, eta beharrezkoa dela hitzordu bat jartzea ura iragazteko tresneria instalatzeko. Horren kontua milaka eurokoa izan daitekeela adierazi du Añarbek.

Lasarteoriatarrei adi egon daitezen eskatu die udalak. "Sasiteknikari horiek herritarrak engainatu nahi dituzte horrelako produktuak saldu eta etekin ekonomikoa ateratzeko". Antza denez, iruzurgileak adineko pertsonak engainatzen saiatzen ari dira bereziki. 

Iruzur horrengatik kaltetuak izan diren biztanleek erreklamazio bat jar dezakete Kontsumobideren bidez, telematikoki zein presentzialki.

Añarberen adierazpenak

Ohar bat argitaratu du Añarbeko Urak sozietateak, esanez "guztiz faltsua" dela uraren kalitate txarraren afera. "Añarbek ez du zerikusirik bisita horiekin (ez zuzenean, ez udalen bidez), eta gogorarazi nahi du iturriko uraren kalitatea eta osasungarritasuna bermatuta daudela. Hori dela eta, iruzur horren aurrean kontuz ibiltzea gomendatzen zaie herritarrei". 

Añarbeko Urak sozietate publikoarekin harremanetan jartzeko bideak