60 urtetan bidelagun izandakoak omenduz

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 20a, 18:36
Argazkia:Kronika

Sentsibilizazio kanpaina aurkeztu du Atzegi elkarteak, Hernanin. 'Atzegi 60 urte bidelagunak biltzen' leloa erabili dute kanpaina berria iragarri eta urte horietan guztietan ondoan izan dituzten 'bidelagunak' omentzeko

Atzegi elkartearen sentsibilizazio-kanpaina martxan jarri du aste honetan. Aurtengoa berezia da, hain zuzen ere, elkarteak 60. urteurrena betetzen duelako. Horregatik "ospakizun" bat ere izango da aurtengo kanpaina elkartearentzat. 

60 urtetan ondoan izan dituzten pertsona guztiak omendu nahi ditu Atzegik. Elkartearen ibilbideak lagun izan dituzten 'Bidelagunak' balioan jarriko dituzte, baita urte luze horietan zehar, adimen desgaitasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko egindako lan eta borroka ere. "Pertsona horiekin lortu dugu gizartea aldatzea, begirada aldatzea, aukerak areagotzea eta azken batean, eskubide asko onartzea ". Bestalde, gonbidapen bat ere egin dute kanpaina berriaren bidez; hain zuzen ere, Atzegirekin bat egin eta elkartea babesteko deia luzatu diote gizarteari.

Elkartea martxan jarri zutenetik gauzak asko aldatu direla azpimarratu dute: "Lehen pentsaezinak ziren helburuak lortu dira esparru ezberdinetan; hezkuntzan, egoitzetan, lanean, aisian, oro har, eskubideen arloan, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lanerako eskubidea, botoa emateko eskubidea, modu independentean bizitzeko eskubidea, besteak beste". Baina nabarmendu dute oraindik erronka asko geratzen direla aurretik, eta horiei aurre hartzeko Gipuzkoako gizartearen babesa "ezinbestekoa" dela.

60. urteurrenari keinu eginez, astez aste, 60 astez, Atzegiko protagonistak aurkeztuko dituzte. Horretarako elkartearen web ataria erabiliko dute (www.atzegi.eus/bidelagunak) eta euren esperientzia pertsonalak azalduko dituzte.

Urteurrena amaitzeko, ekitaldia

2021eko abenduaren 20an, Kursaalean ekitaldi bat egitea aurreikusi dute urteurrenari amaiera emateko: "Urteurrenari amaiera eman eta etorkizunari bide ematea izango du helburu".