Carbayeda, errepideko Gipuzkoako txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urriaren 20a

Carbayeda, Javier Ezenarro Oroitzarreko podiumean. Arg.: Buruntzazpi Txirrindularitza eskola

Buruntzazpi eskolako junior mailako txirrindulariek ez dute huts egin Gipuzkoako txapelketan. Erlojuaren aurkako proba Asier Pozok irabazi bazuen ere; orain Beñat Carbayedak lortu du errepideko Gipuzkoako maillota

Larunbatean, urriaren 17an, Javier Ezenarro Oroitzarrea jokatu zen Mendaron. Bertan  Gipuzkoako txapelketa ere zegoen jokoan.

Kurutz Gain poligono industrialean hasi eta 84 kilometroko ibilbidea egin zuten gazteek Elgoibar, Osintxu edo Mutriku igarota.Ibilbideko zailtasunik handiena: Kalbario mendatea izan zen. Bi norabideetan gainditu behar izan zuten jubenilek.

Beñat Carbayeda lasterketa buru egon zen pelotoian. Ibilbidean zehar hainbat eraso izan ziren eta Kalbario bigarrenez igotzean txirrindulariak sakabanatzen joan ziren. Jaitsieraren ostean, ordea, taldetxo bat osatu zen eta bertatik alde egin duen seiko batek, Lasarte-Oriako txirrindularia barne.

Helmuga aldapan zegoen eta horrek taldea luzatzea ekarri zuen. Txirrindulari guztiek azken ahaleginak egin zituzten helmugara lehen iristeko. Ia marra gainean Beñat Carbayedak Enekoiz Azparren garaitu zuen probako garaikurra eta Gipuzkoako txapelketa eskuratuz.

Kadeteak, Lazkaon

Egun hortan bertan, Lazkaon, Hesparru proban aritu ziren kadeteak.

Lazkaotik Lazkao mendira zihoan 64 kilometrotako ibilbidea egin behar izan zuten  Buruntzazpiko Daniel Fursenko eta Eneko Arangurenek eta garailetik 1:33 eta 2:37 minutura iritsi ziren helmugara.

Taldeko txapelketak

Baina ez da Mendarokoa Buruntzazpi eskolako txirrindulariek Gipuzkoako maillota jantzi ahal izango duten azken aukera. Larunbatean, urriaren 24arekin, Legorretan Gipuzkoako mailako junior eta kadete txirrindulari onenak bilduko dira taldekako erlojuaren aurkako probak lehiatzeko.

Eguneko lehen proban, junior mailako gazteak lehiatuko dira. Dena ondo bidean, bertan izango dira Buruntzazpi eskolako juniorrak, Asier Pozo eta Beñat Carbayeda barne. Ostean, kadeteen txanda izango da.

Bestalde, igandean, 9. Zumarragako hiria sari nagusia proba lehiatuko dute junior mailako txirrindulariek.