Beldur Barik lehiaketan parte hartzeko aukera, azaroaren 5era arte

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 20a, 11:09

Aurten ere herri mailako hiru saria banatuko dira Lasarte-Oriako parte hartzaileen artean

Gazteei zuzendutako ikus-entzunezko Beldur Barik lehiaketa martxan da. Antolatzaileek azaldu dutenez, lehiaketaren helburua da emakumeek jasaten duten "bereizkeria-egoerei" aurre egiten dioten neska-mutilen adierazpenak "onartu, baloratu eta bultzatzea".

Lehiaketara aurkezten dituzten ikus-entzunezko lanak errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukizunean eta indarkeria matxistaren gaitzespen irmoan oinarritutako jokabide eta jarrerak agertu behar dituztela ere gogoratu dute. "Lanek Beldur Barik jarrera islatu beharko dute, alegia, emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gainditzeko, eta harreman askeak, errespetuzkoak, parekideak, anitzak eta ez-sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa erakutsi beharko dute". Jakinarazi dute, ikus-entzunezko lanen kalitate teknikoaren edo artistikoaren gainetik, helarazten den mezuaren kalitatea baloratuko dutela. 

Adinak eta sariak

12 eta 26 urte bitarteko gazteek parte hartu dezakete lehiaketan, eta hiru kategoriatan banatuko dituzte aurkeztutako lanak. Kategoria bakoitzeko garaileari bere saria banatuko dio udalak.

  • Lehenengo kategoria (12 eta 13 urteko gazteak): 200 euro.
  • Bigarren kategoria (14 eta 18 urteko gazteak): 200 euro.
  • Hirugarren kategoria (19 eta 26 urteko gazteak): 200 euro.

Azaroaren 5era arte izango da ikus-entzunezkoak aurkezteko aukera eta, Lasarte-Oriako sari banaketa, berriz, azaroaren 26an egingo dute, iluntzeko 19:00etan, Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan.

Informazio gehiago nahi duenak Emakumeen Zentrora joan daiteke (Aralar kalea 5). 943 363 958 / 688 683 954 telefono zenbakietara dei dezake, edo emakumezentroa@lasarte-oria.eus helbidera idatzi.