Bularreko minbiziaren aurkako mundu egunarekin bat egin du Aterpea merkatarien elkarteak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 19a, 17:53

Bularreko minbiziaren aurkako mundu egunarekin bat eginik, gaixotasunari aurre hartzeko borrokan ari diren emakumeei babesa erakutsi die Lasarte-Oriako merkatariek

Herriko osasun etxearen aurrean elkartu dira Aterpea merkatarien elkarteko merkatariak. Bularreko minbiziaren aurkako mundu egunarekin bat egin dute herriko merkatariek eta babesa agertu diete gaixotasun horri aurre hartzeko borrokan ari diren emakume guztiei. 

Arrosa koloreko zapiak lepoan eta xingolak jantzita agertu dira prentsaurrekora eta merkatarien elkarteko presidente Miguel Angel Prietok hartu du hitza eta elkartasuna adierazi dio minbiziaren aurkako Gipuzkoako elkarteari. Horrela, elkarte horrek abiatutako sentsibilizazio kanpainarekin bat egin dutela ere azaldu du, horrela, xingola arrosak banatzeaz gain, komertzioetako erakusleihoak arrosa koloreko zenbait objekturekin beteko dituzte; zapiekin eta puzgarriekin, besteak beste. "Babes eta animo mezua bidali nahi diegu borrokan ari diren emakume guztiei". Lasarte-Oriako 60 komertziok bat egin dute egitasmoarekin.

Ikerketarekin aurrera jarraitzeko eskaera

Eskaera bat luzatu dute; bularreko minbiziari aurre hartzeko ikerketarekin aurrera jarrai dadila, eta zenbait datu ere plazaratu dituzte: "Azken sei urtetan, 4.000.000 euro inguru bideratu dituzte, Gipuzkoan, ikerketa onkologikora" Minbiziaren aurkako Gipuzkoako elkarteak martxan dituen zerbitzuen artean, bati egin diote erreferentzia, minbiziarekin gaixo dauden pertsonentzako harrera pisuei. Nabarmendu dute gaixoen eta euren senitartekoek joan-etorriak murrizteaz gain, gastu ekonomikoak ere murrizten dituela zerbitzu horrek.

Beste zenbait datu ere ezagutarazi dituzte:

  • Urtebetean artatutako pertsonak: 1419
  • Psikologia saioak: 3406
  • Giza arloko esku-hartzeak: 2789

Lasarte-Oriako Udalak ere bat egin du bularreko minbiziaren aurkako mundu egunarekin eta xingola arrosa eskegi du eraikineko balkoian.